Bilbo
Egoiliarrek eta merkatariek beren ibilgailuak erregistratu beharko dituzte Zazpikaleetara sartzeko
I. R. | EITB MEDIA
Irailaren 1ean sartuko da indarrean Zazpikaleetan oinezkoei lehentasuna emateko ordenantza. Hartara, auzo horretara ibilgailuz sartu nahi dutenek baimen berezia izan beharko dute. Bilboko Udalak matrikula-irakurgailuak jarri ditu sarrera-irteerak monitorizatzeko.
Datorren astelehenean, ekainak 20, Zazpikaleetako merkatari eta egoiliarrek euren ibilgailuak erregistratzeko epea irekiko du Bilboko Udalak. Izan ere, irailetik aurrera, matrikulen irakurgailu digitalen sistema martxan jarriko dute perimetro osoan, ibilgailuen sarrera Zazpikaleetako oinezkoentzako gunea zelatatzeko.
Kontuak horrela, interesdunek alta eman ahal izango dute Udalak horretarako prestatu dituen erregistro-sistemetan: BilbaoAccess mugikorretarako aplikazioaren bidez (Android nahiz iOS), edo Miguel de Unamuno plazako herritarren arretarako bulegoan hitzordua eskatuta.
Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak azaldu duenez, etxebizitza bakoitzak gehienez bi ibilgailu erregistratu ahal izango ditu, baina gogoratu du udal-egoiliarraren partzela duten pertsonek ez dutela alta-eskaerarik egin beharko, "matrikulak automatikoki erregistratuko baitira Udalaren datu-basetik". Garaje pribatuetako plaza dutenek, aldiz, egin beharko dute.
Joan den martxoan, Oinezkoen Lehentasunezko Eremuei buruzko Ordenantza onartu zuen Bilboko Udalak. Ordenantza horretan, Zazpikaleek badute berariazko atal bat, duen ondare-balioa eta balio historikoa kontuan hartuta, eta irailaren 1etik aurrera jarriko dute indarrean gune horretan.
Hala, egun horretatik aurrera, honako hauek bakarrik sartu ahal izango dira Zazpikaleetako oinezkoentzako gunera: egoiliarrak eta merkatariak; bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI; inguruan garajeak dituztenak; salgaiak kargatzeko eta deskargatzeko zerbitzuak; larrialdi-zerbitzuak eta zerbitzu publikoak; garraio publiko kolektiboko ibilgailuak, autotaxiak eta VTC ibilgailuak, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.