Itxi

Udal ordenantza berria

Arduragabekeriaren ondoriozko erreskateak kobratu egingo ditu Donostiako Udalak

a. s. | eitb media

Hala jasotzen du gaur onartu den Udal Ordenantza berriak. Helburua beharrezkoak ez diren arrisku-egoerak saihestea da, Eneko Goia hiriko alkatearen hitzetan.

Suhitzaileak Donostiako kaleetan

Donostiako Udalak bilaketa-, erreskate- eta salbamendu-zerbitzuengatiko tasa onartu du, araudia betetzen ez dutenek eta salbamendu-taldea erreskatera joatea behar dutenek zerbitzua ordain dezaten.

Arau berri honekin Udalak "arduragabekeriaz jokatu ondotik suhiltzaileen beharra eskatzen dutenak zigortu nahi ditu; izan ere, horrek "baliabide materialak zein pertsonalak mobilizatzea eskatzen du", azaldu du Eneko Goia Donostiako alkateak gobernu-batzarraren ostean egindako prentsaurrekoan.

Kopurua zehaztu ez badute ere, kasu bakoitzaren inguruabarren eta egoerari aurre egiteko erabili beharreko zerbitzu-kopuruaren araberakoa izango dela adierazi dute.

Ordenantza berriaren arabera, zehapena ezarri ahal izango zaie, esaterako "arriskuaz, debekuaz edo betebeharraz ohartarazteko seinaleak", edo "Administrazio publikoetako segurtasun eta babes zibileko organo eskudunek emandako jarraibide, abisu edo autobabeserako irizpideak" betetzen ez dituztenei.

Era berean, "isuna" jarriko da "zuhurtziagabekeriazko edo ausarkeriazko jokabideak" hautematen diren kasuetan eta pertsona batek erreskatea eskatu ondoren "mobilizazioa justifikatzen duten alegatutako inguruabar objektiboak ez daudenean".

Goiak azaldu duenez, espedientea izapidetzen jarraituko da eta, dena ondo bidean, uztaileko ohiko osoko bilkuran onartuko da. Ondoren, alegazioak aurkezteko epea irekiko da eta alegaziorik izan ezean, tasa behin betiko onartuko litzateke, eta, beraz, irailean sartuko litzateke indarrean.