BEROALDIA
Behin-behineko zazpi iturri jarriko dituzte Bilbon tenperatura altuei aurre egiteko
EITB MEDIA
Hego Euskal Herriko barnealdean tenperaturak 40 graduren bueltan ibiliko direla iragarri ostean hartu du neurria Udalak. Hala, behin-behineko iturri horiek indartu egingo dute hiribilduak duen 419 iturri publikoko sarea.
Iragarri eta iragarri ari dira egunotan bero handia egingo duela Hego Euskal Herriko barnealdean, baita Bilbon ere. Bero-bolada hori eramangarriagoa izan dadin, Bilboko Udalak behin-behineko zazpi iturri jarriko ditu gaur arratsaldetik aurrera hirian mugimendu handieneko eremuetan.
Ondorengo lekuetan jarriko dira: Agirre Lehendakaria, 162; Blas de Otero, 36; Kale Nagusia, 63; Kale Nagusia, 25; Areilza Doktorea, 32. zenbakiaren aurrean; Etxaniz suhiltzailearen plaza, 4, eta San Jose plaza.
Hala, behin-behineko iturri horiek indartu egingo dute hiribilduak duen 419 iturri publikoko sarea. Udalak adierazi duenez, beharrezkoa balitz, iturri gehiago jarriko lirateke hirian zehar.
Datozen eguneratarako tenperatura altuengatiko alerta horia iragarri ondotik, Udalak herritarrei, baina batik bat haurrei, adinekoei edo osasun-arazoak dituztenei, hainbat gomendio luzatu dizkie, tartean eguzkipean ez ibiltzea, likido gehiago edatea eta tenperatura altueneko orduetan kirolik edo esfortzurik ez egitea.