NAFARROA
Leire mendilerroko suteak kontrolik gabe hedatzen segitzen du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Tafallako eta Olletako suteak berriro indartu dira asteazken arratsaldean, eta Larragan beste sute bat sortu da. Lurzorua lehor egotearen eta haizearen eraginez, oso zailak izaten ari dira garrak itzaltzeko lanak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arangoiti mendiaren magalean, Leire mendilerroan, astearte gauean piztu zen suak kontrolik gabe hedatzen jarraitzen du. Halaber, berriro indartu dira atzo Tafallan eta Olletan sortu ziren suteak, eta, arratsaldean, beste bat hasi da Larragan.
Suteen arriskuagatik ezarritako larrialdi planaren bigarren maila aktibatu dute, herritarrak arriskuan egon daitezkeelako, eta Nafarroako suhiltzaileekin soilik suteei ezin dietelako aurre egin.
Hortaz, Armadaren Larrialdietako Unitatearen laguntza eskatu du Nafarroako Gobernuak. Militarrei Esako frontoian emango diete aterpea.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak Zaragozatik eta Madrildik brigadak, helikopteroak eta hegazkin txikiak bidali ditu sua itzaltzeko lanetan laguntzeko.
Suhiltzaileek arazoak dituzte Arangoitiko magalean zabaldutako garrak itzaltzeko, haizeak gogor jotzen duelako eta, zuhaitzez beteta dagoenez, ibilgailuak bertaraino heltzea ezinezkoa delako.
Hegazkin txikiekin ibili dira ura botatzen ilundu duen arte, baina, oraingoz, ezinezkoa izan zaie garrak itzaltzea. Egunak berriro argitu arte, lurrez jarraituko dute lanean suhiltzaileek.
Bestalde, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidentea Pedro Zaro Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendariarekin bildu da suteen jarraipena egiteko.
Leireko monasteriotik 30 bat lagun atera dituzte, besteak beste, bertan bizi diren monjeak eta hara joandako bisitariak. Denak Xabierrera eraman dituzte eta Jesuiten komentuan eman diete ostatu.
Gainerako suteen kasuan, Tafallakoa kontrolpean izan dute goizean, baina, arratsaldean, haizeak norabidea aldatu duenean, garrek indarra hartu dute berriro. Horrela, bada, NA-6140 errepidea itxi dute, Tafalla eta Miranda Arga udalerrien artean, suebaki moduan erabiltzeko.
Olleta eta Leoz arteko sutea ere berpiztu da arratsaldean, eta handik hurbil beste bat sortu da.
Halaber, 19:00ak inguruan, Larragan sute bat hasi da eta azkar zabaltzen ari da, lurra lehor dagoelako eta haizearen eraginez.
Nafarroako Gobernuak arduraz jokatzeko eskatu du muturreko tenperaturen eraginez sute arriskua handia delako. Lurzorua lehor egotearen, tenperatura altuen eta haize bortitzaren eraginez, oso zailak izaten ari dira garrak itzaltzeko lanak.