sute arriskua
Aisialdian sua egitea debekatuta dago Nafarroako hegoaldean
E. G. | EITB Media
Lurraldearen iparraldean, sua egiteko prestatuta dauden lekuetan (barbakoa eta tankerakoak) bakarrik piztu ahalko da. Irailaren 30era arte egongo da indarrean neurria.
Urtero legez, uda sasoian sua aisialdirako piztea debekatuko du Nafarroako Gobernuak Foru Erkidegoaren hegoaldean. Neurriak baso suteen arrisku maila txikitzea du helburu, eta irailaren 30era arte egongo da indarrean. Azken orduotan hiru sute piztu dira erkidegoan, Leiren, Tafallan eta Olletan.
Nafarroako iparraldean galarazi ez, baina mugatuta egongo da sua aisialdirako pizteko aukera. Sua egiteko bereziki prestatutako guneetan bakarrik egin ahalko da: barbakoak eta tankerakoak.
2016ko foru arauak zehazten ditu sua erabiltzeko irizpideak. Arauaren arabera, lurraldea bi zatitan, ipar eta hego, banatzeko lerroa udalerrion mugek ezarriko dute: Ameskoa, Urbasa, Andia, Goñi, Ollo, Arakil, Irurtzun, Imotz, Atez, Odieta, Anue, Iragi, Eugi, Zilbeti, Lintzoain, Bizkarreta, Mezkiritz, Auritzberri, Auritz, Garralda, Oroz-Betelu, Garaioa, Abaurrepea, Abaurregaina, Jaurrieta, Espartza Zaraitzu, Bidankoze, Erronkari eta Garde.
Lurzorua eta landaredia oso lehor daude sasoi honetarako. Gainera, tenperatura altuak espero direnez, basoko suteen arriskua oso handia da. Hori dela eta, kontu handiz ibiltzeko deia egin du Nafarroako Gobernuak.
Foru Gobernuak emandako datuen arabera, maiatzean azken urteotako batez besteko tenperatura altuenak izan ziren Nafarroan (1,4 ºC eta 4,4 ºC arteko igoera). Egindako euri kopurua ere ohikoak diren balioak baino % 25 baxuagoak izan zen.