NAFARROA
Tximista batek eragin zuen Leire mendilerroko baso sutea
EITB MEDIA
Foruzaingoak Leireko sutearen jatorria zehaztu du. Ikerketaren arabera, tximista batek pinu bat jo zuen eta hortik ingurura zabaldu ziren garrak.
Foruzaingoak argitu du asteartetik asteazkenerako gauean Leireko mendilerroan piztutako sutea tximista batek eragin zuela. Lehen ikerketaren arabera, pinu bat jo zuen eta hortik ingurura zabaldu ziren garrak.
Ustez, sutea piztu zen ingurua ikuskatzera joan ziren atzo foruzainak eta tximistak jotako zuhaitza aurkitu zuten. Foruzaingoaren arabera, tximistek helize formako markak uzten dituzte zuhaitzetan eta gisa horretako arrasto bat aurkitu dute Leiren.
Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren arabera, baso suteen % 6,6 tximistek eragiten dituzte.
Suteak, egonkortuta
Leireko, Tafallako eta Olletako suteak egonkortuta daude, baina garrak kontrolpean hartzeko lanean jarraitzen dute suhiltzaileek.
Suhiltzaileek gertutik zaindu dituzte garrak gauean, eta sua ez da berpiztu.
Gaur goizean egoeraren ebaluazioa egingo dute egonkortze fasetik kontrol fasera igarotzea posible den erabakitzeko.