Bero-bolada
Larunbateko Eskola Kiroleko jarduera denak, bertan behera Bizkaian beroagatik surfa salbu
O. P. | EITB Media
Araban bi hitzordu zeuden aurreikusita, Ogueta pilotalekuan pilota txapelketa bat, mantendu egingo dena, eta bertan behera geldituko den eta Agurainen egitekoa zen txirrindularitza proba bat. Gipuzkoan, mantendu egingo dira jarduerak, dauden gutxiak egunaren lehen orduetan izango direlako.
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du larunbaterako muturreko tenperatura altuengatik. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak 2022ko ekainaren 18rako antolatutako Eskola Kiroleko Programako ekintza guztiak bertan behera utzi ditu surf jarduera izan ezik.
Araban amaituta dago jada Eskola Kirolaren programazioa, baina bi hitzordu zeuden aurreikusita, aurretik, arrazoi batengatik edo besteagatik, egin izan ez zirenak. Bata, Ogueta frontoian pilota txapelketa bat; aire-girotua dagoenez, mantendu egingo da jarduera hori. Bestea, baina, Agurainen egitekoa zen txirrindularitza proba bat, bertan behera gelditu da.
Gipuzkoan, mantendu egingo dira jarduerak. Foru Aldundiak azaldu du jarduera gutxi gelditzen direla egiteko, eta, egunaren lehen orduetan izango direnez, eutsi egingo zaie.