Kargatzen...
Itxi

NAFARROA

Legardan hasitako sutea Obanosera, Muruzabalera, Garesera eta inguruetara zabaldu da

EITB MEDIA

Izarbeibar bailaran indarra hartuta dago sutea eta gau luzea espero da. Allozko urtegiko bisitariei bertatik joateko eskatu diete, helikopteroek ura errazago har dezaten. Nafarroako Gobernuak laguntza eskatu die Espainiako Gobernuari eta UMEri, egoerak "gainezka" egin duelako.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arratsaldean Legarda inguruan piztu den suteak indarra hartu du orduak aurrera joan ahala eta Obanosera, Muruzabalera, Belaskoainera, Zabalzara, Ubanira eta Gares ingurura iritsi dira sugarrak, Izarbeibar ibarrean zehar zabalduz. Ahuldu ordez indartzen ari da eta 20:00ak jota, Mañerura hurbiltzen ari ziren sugarrak. Iruñetik ere usaintzen zen jada ordu horretan ke usaina.

Herriguneak hustu eta etxeetatik atera behar izan dituzte bizilagunak. Garesko frontoira eraman dituzte hasiera batean baina sugarrak bertara hurbiltzan ari zirela ikusita, toki hori uzteko agindu diete.

Sua kontrolik gabe zabaltzen ari da une honetan eta suhiltzaileak buru belarri dabiltzan arren, egoera oso konplexua da. Gaua "luzea" izango dela iragarri du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak eta lehentasuna "pertsonak salbatzea" dela esan du.

Arguedasen ere beste sute bat piztu da gaur arratsaldean eta Senda Viva hustu behar izan dute. 2.500 lagun zeuden une horretan barruan. Hori gutxi balitz, suhiltzaileak Olletan eta Leozen berpiztu den sutean ere lanean ari dira eta Alaitz mendilerroan ere beste sute bat piztu da.

Gauzak horrela, une honetan Nafarroak dituen suhiltzaile guztiak lanean ari dira eta egoera oso larria da. Horregatik, Nafarroako Gobernuak laguntza eskatu dio Espainiako Gobernuari. Aire bidezko baliabideak eta Larrialdietako Unitate Militarraren laguntza eskatu diote, zehazki.

Hidrohegazkinak buru belarri dabiltza eta suhiltzaileez gain, bizilagunak ere ahal dutena egiten ari dira, ura bota eta sua itzaltzen saiatzeko.

Allozko urtegiko bisitariei bertatik alde egiteko eskatu die Nafarroako Gobernuak, helikopteroek ura errazago har dezaten. Era berean, ahal den lasaien egoteko eskatu diete herritarrei.

Suteengatik Bideko Autobidea moztu behar izan dute 9 eta 18 kilometroen artean, bi noranzkoetan, eta NA-1110 errepidea (Galar-Viana) 0 eta 17 kilometroen artean, bi noranzkoetan. NA-601 (Campanas-Lerín) errepidea ere moztuta dago 4. kilometroan, Garesko noranzkoan.

Nafarroako Erribera osoa alerta gorrian dago muturreko tenperaturagatik.

Albisteak (1)

Bideoak (2)