Itxi

Suteak Nafarroan

Suteak itzaltzeko baliabide guztiak aktibo daude, kalte pertsonalak ekiditeko eta herriguneak babesteko

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Nafarroako Suhiltzaile Zerbitzuko kideez gain, Ingurumeneko Zaindaritzako langileek, Foruzaingoak, Guardia Zibilak, Iruñeko aireportuko suhiltzaileek eta Gurutze Gorriko eta DYAko boluntarioek ere parte hartzen dute itzaltze-lanetan.

Legardako suteak kamioi bat kaltetu du Garesen. Argazkia: EFE.

Nafarroako Gobernuak suteak itzaltzeko baliabide guztiak aktibatu ditu larunbat honetan Izarbeibarren, Errege Bardean, Tafallan eta Arroitzen piztutako suteei aurre egiteko eta joan den asteazkenean Olletan izandako sutearen berpiztea amatatzeko.

Nafarroako Suhiltzaile Zerbitzuko kideez gain, Ingurumeneko Zaindaritzako langileek, Foruzaingoak, Guardia Zibilak, Iruñeko aireportuko suhiltzaileek eta Gurutze Gorriko eta DYAko boluntarioek ere parte hartzen dute itzaltze-lanetan.

Halaber, Foru Erkidegora joan dira Larrialdietako Unitate Militarreko (UME) talde bat eta Errioxako eta Arabako suhiltzaileak. Lurreko ibilgailuekin batera, Nafarroako Gobernuaren hiru helikopteroek eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren FOCA hegazkin batek parte hartu dute.

Bestalde, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak egindako deiaren ondoren, suteek kaltetutako eremuetako nekazariak beren traktoreekin elkarlanean aritu dira suebakiak eginez, sugarrak ez zabaltzeko.

Utzarazpenak hainbat herritan

21:30ak arte, Obanos, Legarda, Muruzabal, Belascoain, Zabalza, Ubani, Garesko hegoaldea, Elio, Etxarri, Ziritza, Bidaurreta, Belaskoain, Mendigorria, Valtierra (zati bat) eta Argiñaritz hustu dituzte. Valtierrako adinekoen egoitza, Astraingo Hipika eta Legardako zerbitzugunea ere hustu dituzte. Suak Legardan eta Obanosen etxebizitzak kaltetu ditu. Hala ere, arratsaldeko azken orduan Obanosen eta Muruzabalen etxetik atera dituzten pertsonak itzultzeko baimena eman dute.

Kalte pertsonalei dagokienez, osasun-larrialdietako bi teknikari Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte kea arnasteagatik.

Lasaitasunerako deia

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Lehendakaritza, Funtzio Publiko eta Barne-arazoetako kontseilariak lasaitasunerako eta erantzukizunez jokatzeko deia egin die herritarrei, eta beren etxeetan egoteko aholkatu die, kontrako agindurik jasotzen ez duten bitartean.

Lehendakariordeak Larrialdietarako Aholku Batzordeak SOS Nafarroaren egoitzan egin duen bileran parte hartu du, eta nabarmendu du lehentasuna dela biktimarik ez gertatzea eta herriguneetan kalteak ekiditea. Horregatik, Baso Suteen Arriskurako Larrialdi Planaren 2. maila aktibatu dute berriro. Ildo horretan, sute-arriskua eragin dezaketen nekazaritza-lanak bertan behera uzteko agindua eman dutela iragarri du.

Hainbat errepide, itxita

13 00ak aldera, A-12 errepidea (Donejakue bideko autobia) itxi dute bi noranzkoetan, 9. eta 19. kilometroen artean, eta, ondoren, 24. kilometroraino zabaldu dute. 19:30ak inguru, 51. kilometroan ere itxi dute, Arroitz inguruan piztutako sutearen ondorioz.

NA-601 Campanas-Lerin errepidean, 4. kilometroan (Garesko noranzkoan), NA-700 Iruña-Lizarra (13. kilometroan), NA-7015 Zizur Nagusia – Belaskoain errepidean (0 kilometroan) eta NA-7110 Etxauri Orendain errepidean ere izan dira mozketak.

Albisteak (4)

Bideoak (7)