Araba Euskaraz
Arrakastaz ospatzen ari da Olarizu Arabako ikastolen jaia
EITB MEDIA
Trebiñuri aipamena egiten dion "8. alaba" lelopean, Arabako zortzi ikastolen aldeko festa izaten ari da larunbat honetan, Argantzon Ikastolak antolatutako aurtengo hitzorduan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Araba Euskaraz Arabako ikastolen jaia ospatzen ari dira gaur Gasteizko Olarizu parkean, Argantzon Ikastolak antolatutako hitzordu batean.
Aurtengo ediziorako, lehenengo jaia egin zuten leku berera itzuli da Araba Euskaraz 42 urteren ostean, "8. alaba" lelopean. Horrek Trebiñuri egiten dio aipamena, alegia, "zortzigarren alaba" den lurraldeari; bertan da Argantzon Ikastola, Argantzonen, eta hezkuntza-zentro horren alde ospatzen da aurten Araba Euskaraz.
Hiru gunetan banatuta, puzgarriak, kontzertuak zein jolasak izan dituzte gozagai txikiek eta helduek, eguzkipean.
Itzalpean jolasten, Gasteizko Olarizu parkean. Argazkia: EITB Media
Besteak beste, "3 Ene Kantak" ikuskizuna izan da goizean, eta 3klubaren espazioa gaztetxoenentzako zabalik egon da, 11:30ak eta 18:00ak bitarte, EITBren eskutik.
Antolatzaileek prentsa-ohar bidez azaldu dutenez, 1981eko Araba Euskaraz, hau da, egin zuten lehenengoa, elkarrekin antolatu zuten Arabako ikastola guztiek, orain bezala, eta Olarizun egin zuten orduan ere.
"Ez da egun bakarreko jaia"
"Argi genuen", dio aipatutako iturriak, "ez zela egun bakarreko jaia izango. Aitzitik, ikasturte osoan, zortzi ikastoletan, Araba zabalean, hainbat jarduera eta ekitaldi antolatu ditugu. Urte osoko jarduna izan da, beraz, eta Araba Euskaraz eguna urte osoari bukaera emango dion jai-eguna izango da".
Ekitaldiak 10:00etan hasiko dira, eta, jarraian, Olarizura joango diren milaka lagunek hiru gune izango dituzte gozatzeko: Haritza, Pagoa eta Ametza, 11:00etatik 19:00etara. Aurreikusitako ikuskizunen artean, Ene Kantak eta Go!azen dira.
Omenaldia
Araba Euskarazek omenaldi bat ere izango du: "Aurten, auzolana eta elkarlana azpimarratu nahi ditugu, horiek baitira Araba Euskaraz eta ikastolen jaiak aurrera eramateko ezaugarri nagusiak". Hala, urte hauetan guztietan antolatutako jaietan ikastola bakoitzeko komunitatetik lan aipagarria egin duten pertsona bana omenduko dituzte; besteak beste, Anjel Olalde, "urte askotan Araba Euskaraz antolatzeko koordinazio lanetan aritu dena, eta egun erretreta hartua duena".
Halaber, "Araban euskararen alde auzolanean dabilen eta gurekin ere askotan ibiltzen den Alea aldizkaria ere omendu nahi dugu", ekainaren 19ko ekitaldian, adierazi dute.
Argantzon Ikastola Arabako txikiena da. 2003ko urriaren 27an ireki zuten, eta egun 68 ikasle ditu. 2021-22 ikasturtean, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ikastola horretan osorik egin duen lehen promozioa irtengo da bertatik.