SUTEAK NAFARROAN
Gutxienez 24 herri hustu dituzte, milaka hektarea erre dira eta kalte materialak handiak izan dira
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Larunbatean piztutako suteek azken urteotako hondamendirik handiena eragin dezakete Nafarroan. Zenbait foku aktibo daude oraindik, eta ezin da galdu den ondare naturala eta materialaren neurria kalkulatu.
Oraindik aktibo daude atzo Nafarroan piztutako suteetatik sei, eta horiek itzaltzeko buru belarri lanean dihardute Nafarroako suhiltzaile guztiek zein ingurutik, Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Errioxatik joandako suhiltzaileek. Horrez gain, Espainiako Gobernuak UMEkoak bidali ditu, baita sua itzaltzeko baliabideak ere.
Suterik bortitzenetako bat Legarda inguruan piztu zen atzo eta iparraldera joan da Argiñaritzera iritsi arte. Hainbat etxe erre dira bertan gaur.
San Martin Unx eta Uxue artean piztu den sutea ere oso bortitza da eta lanak ematen ari da. Inguruko hainbat herri hustu behar izan dituzte: Makirriain, Santsoain, Olleta, Lerga...
Belaskoainen ere indarra hartu du suak, baita Girgillao inguruan ere. Suteak daude, gainera, Artazun, Los Arcosen -egonkor-, Ezkaba mendian -Berriozar aldetik- eta Iratxeta inguruan Orbaibarren.
Zorionez, atzo Arguedas eta Valtierra artean piztu zen suteak (Sendaviva hustea eragin zuen) onera egin du eta egonkortze fasean dago. Dena dela, haizea zakar jotzen ari da, eta estu zaintzen ari dira edozein unetan berpiztu daitekeelako.
SOS-Nafarroak sare sozialetan jakitera eman duenez, sute asko berpizten ari dira, eta, aipatutakoez gain, beste hainbat sute ere kontrolatu nahian ari dira.
Valtierrako adinekoak euren egoitzara itzuli dira
Atzo, 70 egoiliar atera zituzten Valtierrako adinekoen egoitzatik, eta Zizurrera eraman zituzten. Gaur, egoerak inguru horretan onera egin duenez, berriz ere Valtierrara eraman dituzte.
San Martin Unxeko egoitzan bizi diren 37 pertsona, berriz, handik atera eta Lodosara eraman dituzte. Udalerriko gainontzeko biztanleak, ostera, Tafallan daude babes hartuta.
24 herri hustu dituzte
Atzoko 21:30 arte Obanos, Legarda, Muruzabal, Belaskoain, Zabaltza, Ubani, Garesko hegoaldea, Elio, Etxarri, Ziritza, Bidaurreta, Mendigorria, Valtierra (zati bat) eta Argiñaritz hustu zituzten. Atzo gauean, etxera itzuli ziren gutxi batzuk, eta, besteak, gehienak, gaur goizean.
Igande honetan, baina, beste 11 herri hustu dituzte: Girgillao, Etxarren Girgillao, San Martin Unx, Makirriain, Santsoain, Olleta, Lerga, Artatzu, Eslaba eta Biguria.
Kalte materialak
Kalteei dagokienez, suak etxeak eta ondasunak kaltetu ditu Obanosen, Arguedasen eta Valtierran, baita Sendaviva parkeko zati batean ere. Gainera, hainbat etxe erre dira gaur arratsaldean Argiñaritzen.
Cadreitako poligonoan Planasaren instalazioak eta pneumatiko enpresa bat kaltetu ditu suak, eta kalteak izan dira Etxarrin eta Garesen ere. Valtierran eta beste herri batzuetan izan diren argindar arazoak konponduta daude jada.
Kamioia erreta Garesen. Argazkia: EFE
Milaka hektarea erre direla kalkulatzen da. Gesaltz inguruan bakarrik 4.000 hektarea kalkulatzen ziren arratsaldeko lehen orduan.