SANFERMINAK 2022
Gustu eta adin guztietarako 500 ekitaldi baino gehiago izango dira aurtengo sanferminetan
EITB MEDIA
Berrikuntza gisa, egun berri bat antolatu dute, "Joten Eguna", Sarasate pasealekuan uztailaren 12an egingo dena, eta adinekoentzako eta familientzako proposamen gehiago egongo dira.
2022ko San Fermin jaietarako 532 jarduera antolatu dituzte hiriko hainbat espaziotan banatuta, eta, musikaz gain, ohiko entzierroez, zezenketez, su artifizialez eta Erraldoi eta Buruhandien konpartsen irteerez gozatu ahal izango du bertaratzen den orok.
Programa "anitza" prestatu dute aurtengorako, adin guztiei zuzendurikoa eta berritasun batzuekin, eskaintza zabaltzeko asmoz. Hala, adinekoentzako eta familientzako proposamen gehiago izango dira, eta egun berri bat ere antolatu dute, 'Joten Eguna'.
Aurtengo egitarauaren xehetasun guztiak Enrique Maya Iruñeko alkateak eman ditu astearte honetan, Maria Garcia-Barberena Kultura zinegotziarekin batera emandako prentsaurrekoan.
Oso une berezia dela aitortu ostean, Mayak gogorarazi du "egitarauaz haratago, jaiak bereziak izatea eragiten duena ez direla ekitaldiak, iruindarrok ekitaldi horiek nola bizi ditugun baizik; eta aurten hiru aldiz gozatu behar dugu", pandemiaren ondorioz bizitako etenaldiari erreferentzia eginez.
Zehazki, aurtengo sanferminetan, 532 ekitaldi izango dira. Beste urte batzuetako egitarauaren antzekoa prestatu dute, baina berritasun batzuekin: egun berri bat izango da, "Jota Eguna", Sarasate pasealekuan uztailaren 12an.
Nobedade gehiago ere badira: txotxongiloek eta orgatilako zezenek Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsen atsedenaldiak animatuko dituzte; Gazteluko plazan DJen gaueko saioen egitaraua areagotuko dute; literatura ibilbideak egingo dira eta, jaietako bigarren zatian, Civivox Condestableko kultur gune berri bat irekiko da.
Musika erdigunera itzuliko da aurten ere, eta haurrentzako guneak, Askatasunaren plazara eta Media Luna kalera. Foruen Plazan, berriz, gazteen gunea egongo da beste behin, eta herri-kirolen ikuskizunez ere gozatu ahal izango da. Gainera, jaietako ikuskizunik jendetsuenetako baten aldeko apustua egin du aurten ere Udalak: Ciutadellatik su artifizialak botatzea.
Halaber, programazioa bikoiztu egingo da Adinekoen Egunean (uztailak 13), adibidez, 'El baúl de los 70' ikuskizunarekin, Serafín Zubirirekin, Mikel Herzogekin eta Artaxoako bandarekin.