ERRESKATEA
Hilda aurkitu dute Anboto mendian galduta zegoen 25 urteko gizona
EITB MEDIA
Ertzaintzak baieztatu duenez, 09:30ean aurkitu dute gorpua, Infernuko Zubi izeneko pasabidean, Alluitz gailurretik gertu. Heriotzaren arrazoiak ikertzen ari badira ere, erori egin zela uste da.
Hilda aurkitu dute atzo iluntzetik Anboto mendi inguruan, Abadiñon, desagertuta zegoen 25 urteko gizonezkoa. Galdutako pertsonak berak deitu zuen, 20:30ean, Ertzaintzara, baina telefono-seinalearekin arazoak zituen eta ertzainek ezin izan dute berarekin gehiago harremanetan jarri.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ingurua arakatzen ari zen helikoptero batetik ikusi dute gorpua, 09:30 inguruan, Infernuko Zubi izeneko pasabidean, Alluitz gailurretik oso gertu. Heriotzaren arrazoiak argitzeko dauden arren, mendizalea erori egin zela uste da.
Goizean eramango dute gorpua Bilboko Medikuntza Auzitegira, eta bertan egingo diote autopsia.
Erreskateko kideak, Anboton. Argazkia: Segurtasun Saila.
Ertzainak, suhiltzaileak, Gurutze Gorria, DYA, Txakurren Unitatea eta Elorrioko mendi taldea aritu dira bilaketa lanetan, Eusko Jaurlaritzako Larrialdietarako Zuzendaritzak koordinatuta.