Itxi

San Martzial Irunen

Alarde parekideak normaltasunez eta alkateak harrera egin gabe desfilatu du Irungo kaleetan

N. B. | EITB Media

Leer en Castellano

Aurreko urteetan bezala, Irungo alkate Jose Antonio Santanok alarde tradizionala baino ez du hartu Irungo Udalean. Hala ere, Elkarrekin Podemos IUk, lehen aldiz, hiriko bandera eman dio alarde publikoari.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Alarde mistoak edo parekideak eta Alarde tradizionalak desfilea egin dute ostegun honetan Irunen San Martzial eguna dela eta, normaltasunez eta jende askok babestuta. Aurreko urteetan bezala, Irungo alkate Jose Antonio Santano sozialistak alarde tradizionala bakarrik hartu du Irungo Udalean. Alarde tradizionalak ez die emakumeei soldadu gisa parte hartzen uzten, kantinera gisa baizik.

Hala ere, Irungo Elkarrekin Podemos IUk, lehen aldiz, hiriko bandera eman dio alarde publikoari. David Nuño Elkarrekin Podemos IUko bozeramailearen ustez, Udalak, irundar guztiak ordezkatzen dituen erakundea den heinean, alarde mistoaren "harreran egon behar du", eta herriko jaiak "benetan inklusiboak izan daitezen" urratsak eman behar ditu.

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendari Izaskun Landaidak eta idazkari nagusi Zuriñe Elordik Alarde mistoa babestu dute. Radio Euskadin egindako elkarrizketan Landaidak adierazi duenez, Emakundek "babesa adierazi nahi dio Alarde honi, eta, orain arte egin duen bezala, lankidetza eskaini nahi dio, emakumeek, gizonen baldintza berdinetan, horrelako ekitaldi publiko, jai, herrikoi eta partehartzaile batean parte har dezaten".

Denis Itxasok, EAEn Espainiako Gobernuko ordezkariak, Alarde Mistoa babestu du beste urte batez: "Aurten ere, Irungo alarde mistoa babestera etorri gara", esan du Twitterren. "Lehen aldiz, udal talde politiko gehiago izan dira emakumeen partaidetza onartzen duen alardeari harrera egiten, tradizionalean baino". "Parte hartze parekidea eta festa giroko elkarbizitza gero eta uztargarriagoak dira", gaineratu du.

Programa

Alarde tradizionala 07:40 aldera abiatu da Urdanibia plazatik. Soldaduek normaltasunez desfilatu dute San Juan plazan. Tropak ikuskatu ondoren, horiek ohiko deskargak egin dituzte. Ondoren, soldaduak Juncal Elizara joan eta Urdanibia plazara itzuli dira.

Berdintasunezko Alardea, bere aldetik, 10:20 aldera atera da puntu horretatik, eta istilurik gabe desfilatu du, ehunka pertsonak babestuta. Soldaduek ohiko deskargak egin dituzte jeneralak ikuskatu ondoren.

Jai honekin, Irunek 1522ko ekainaren 30ean Frantziako soldaduei irabazi izana oroitzen dute.

Bideoak (1)