Indarkeria matxista
Emakume batek sexu-erasoa salatu du Zarautzen
Agentziak | EiTB Media
Udalak erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du asteazken honetako eguerdian udaletxearen aurrean.
Emakume batek sexu-erasoa salatu du Zarautzen (Gipuzkoa), bertako Udalak ohar batean jakitera eman duenez.
Udalak ez du erasoaren inguruko xehetasunik eman. Gertakaria gaitzesteko agiria igorri du, eta biktimari "babesa eta hurbiltasuna" adierazi dizkio.
Tokiko erakundearen esanetan, "emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazoa da; emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzeko helburua du, baita menpekotasun eta diskriminazio egoerak mantentzekoa ere".
Bestalde, "emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa" publikoki adieraztera animatu ditu herritarrak, eta hartara deitu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzea eskatu die.
Horrela, Udalak erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du asteazken honetako eguerdian udaletxearen aurrean.
Era berean, Gipuzkoako Aldundiak Zarauzko Udalaren adierazpenarekin bat egin du, eta biktimari elkartasuna adierazi dio.
"Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko errespetua, duintasuna, sexu askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa ezin bortxatuzko eskubideak dira; eskubide horien kontrako jokabideek ez dute lekurik gure gizartean", azpimarratu du foru erakundeak.
Aldundiaren hitzetan, emakume guztiek aisialdiaz eta harreman sozialez "askatasun osoz" gozatzeko eskubidea dute; beraz, "indarkeria sexistarik gabeko kale, auzo, herri eta hiriak" izatea beharrezkoa da.
Miren Elgarresta Aldundiko Berdintasun zuzendariak elkarretaratzean parte hartuko du.