Abiadura Handiko Trena
Salburua eta Zabalgana kanpoan utzita, AHT lurperatzeko oinarrizko proiektua idazteko kontratua esleitu dute
EITB MEDIA
Adif azpiegituren operadoreak Sener Ingeniería y Sistemas enpresari esleitu dio Gasteizen, bi urteko epean, Abiadura Handiko Trena, Dato kaleko etorkizuneko geltokia eta Arkauteko korapiloa integratzeko oinarrizko proiektua idazteko kontratua.
Adifek Sener Ingeniería y Sistemas enpresari esleitu dio abiadura handiko trena integratzeko oinarrizko proiektua idazteko kontratua. Enpresak 2 milioitik gora ordainduko dizkio zeregin horretarako, eta bi urteko epea izango du idazteko.
Hau da, 2024ko udarako jakingo da abiadura handiko trena Gasteizen nola integratuko den, Dato kaleko geltokiak eta Arkauteko lotuneak nola funtzionatuko duten ere. Proiektu honek Burgosko noranzkoan eta Bilbo-Donostia noranzkoan loturak nolakoak izango diren definitu beharko du, baita Altsasu eta Iruñera doan linearekiko lotura ere.
Gasteizera sartzeko tartean 7,2 kilometroko jarduketa egitea proposatzen da, horietatik 3,6 kilometro, Pedro Asua eta Bulevar de Salburua kaleen arteko tartea lurperatuta. Dato kaleko geltokiari dagokionez, bidaiarien eta salgaien trafikoa bereiziko du, abiadura handiko hiru nasekin eta ohiko zabalerako beste batekin.
Jarduketa-eremuak Gasteiz eta Arratzua Ubarrundia hartzen ditu eraginpean. Trazadura Krispijana ingurutik abiatzen da, Jundizko salgaien terminaletik gertu, Gasteiz zeharkatzen du eta Arkautetik gertu biratu ondoren Arratzua Ubarrundian amaitzen da.
Orain 2024ra arte itxaron behar da prest egon arte. Ondoren, eraikuntza-proiektua eta obraren lizitazioa idatzi beharko dira.