Andre Maria Zuriaren jaiak
Gasteizek 400 ekitaldi baino gehiago ditu prest Andre Maria Zuriaren jaietarako, Zeledonen itzuleran
EITB MEDIA
2019ra arte beti egiten zuenez, Zeledon abuztuaren 4an iritsiko da arabar hiriburura: "Berriro ere itzuliko dira kolorea eta kalean pilatzen den jendearen berotasuna, eta blusen eta nesken kuadrillak", esan du Gorka Urtaran alkateak.
Andre Maria Zuriaren jaiak bueltan dira Gasteizen. Abuztuaren 4an eztanda egingo dute festek, Zeledonen Jaitsierarekin batera, eta egun horretan eta hurrengoetan guztira 400 ekitaldi baino gehiago izango dira arabar hiriburuan; musika, antzerkia, umorea eta dantza izango dira nagusi.
Gorka Urtaran alkateak eta Estibaliz Canto Kultura zinegotziak aurkeztu dute astearte honetan jai-egitaraua: "Berriro ere itzuliko dira kolorea eta kalean pilatzen den jendearen berotasuna, eta blusen eta nesken kuadrillak", esan du alkateak.
Jaiek 836.000 euroko aurrekontua izango dute, eta, Urtaranen esanetan, helburua da "jai jasangarriak eta konpromiso handikoak lortzea, bereziki pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituzten festak erdiestea". Alkateak nabarmendu duenez, aurten 200 urte dira Andre Maria Zuria jaietako zaindari zibil izendatu zutenetik.
Hori dela eta, 2019ko egitaraua handitu egin da; abuztuaren 4aren aurreko bi asteetan, kontzertu eta ikuskizun gehiago izango dira, besteak beste Anne Etchegoyenena.
Musika-arloan, Foru Plazan, ondorengo kontzertuak izango dira: Tanxugueiras, abuztuaren 4an (osteguna da); Mikel Erentxun, 5ean; Rulo y la Contrabanda, 6an; biharamunean, Izaro; eta Talco musika-talde italiarrak itxiko ditu agertoki honetako kontzertuak.
Aihotz Plazan, abuztuaren 5etik 8ra bitartean, gauerdian, hauek izango dira: Gozategi, Olatz Salvador, Harresian Zulo eta Neomak. 6an, Espainia Plazan, Jorge Sanchez DJa eta Modestia Aparte taldea egongo dira entzungai.
Udalak tokiko ekoizpenen eta taldeen aldeko apustua egin du; horren adibide dira Harresian Zulo, Bapatean Zirko, Hodei Magoa, Two Much Circus, El Show de la Polaca eta Soziedad Alkoholika.
Antzerkia, eta nagusientzako eta umeentzako ekitaldiak
Antzerkiari dagokionez, Principal Antzokian, hiru komedia izango dira: "Escape Room", abuztuaren 4an eta 5ean; "El peligro de las buenas compañías", 6an eta 7an; eta "El aguafiestas", 8an eta 9an.
Umorearen Txokoak kokalekua aldatuko du, Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategietatik Prado parkera, "zabalagoa eta itzalpean dagoen espazioa delako", dio Udalak. Aurtengo egitarauak izen entzutetsu ugari biltzen ditu: JJ Vaquero, Iñaki Urrutia, Sara Escudero, Antton Telleria, Axlor Riezu, Sergio Arrospide, Leire Orbe eta Joaquin Pajaron.
Jotak, mariatxiak, erritmo dantzagarriak, umorea eta 80ko eta 90eko musika daude aurreikusita nagusientzat; umeek, aldiz, puzgarriak, jolasak, kirol-pistak, jumpinga eta tirolinak izango dituzte.
Andre Maria Zuriaren Jaiek su artifizialen magia ere berreskuratuko dute; Valentziako Caballer FX, Leongo Pibierzo, Castelloko Zarzoso eta Frantziako Ciels en Fete etorriko dira, horretarako.
Euskararen presentzia ere esanguratsua izango da jai-eremuko ekitaldi eta espazio guztietan. Oso-osorik euskaraz izango diren agertoki batzuk egongo dira, Aihotz plazako egitarau osoa, adibidez.