Gomendioak
Zer egin baso-sute baten aurrean eta sua piztea prebenitzeko
EiTB Media
Suaren eta haizearen norabideari erreparatu eta ihes-bidea aurrez ikustea garrantzitsua da. Alboetatik alde egiten saiatu, malda behera, eta beti haizearen kontra. Ez korrika egin, eta zapaltzen duzun lurrean arreta jarri.
Zer egin baso-suteren batean bazaude?
-Sute bat ikusten baduzu, deitu beti larrialdietarako 112 telefonora.
-Suaren norabideari erreparatu eta ihes-bidea aurrez ikusi.
-Su-puntua txikia bada, saia zaitez itzaltzen adarrekin, ura botata edo lurrez estalita.
-Ezin baduzu itzali, ez zaitez goraka joan, alde egin alboetatik malda behera eta beti haizearen kontra.
-Lasai egon, ez korrika egin, eta zapaltzen duzun lurrean arreta jarri.
-Ahal baduzu, joan zaitez landarerik gabeko eremu batera edo jada erreta dagoenera. Ez ihes egin sakonune eta sakanetarantz.
-Haizearen norabideari eta bere aldaketei erreparatu.
-Ke-eremuan bazaude, ahoa eta sudurra musuzapi bustiarekin estali. Likido asko edan.
-Kea edo sua dauden tokiak ez zeharkatu oinez edo ibilgailuz; ondo ikusten ez baduzu, istripu bat izan dezakezu eta.
-Zalantzarik baduzu, deitu 112 telefonora eta esaten dizutena egin.
Suteak prebenitzeko neurriak:
-Sute arriskua oso handia denean, txinpartarik edo sugarrik txikienak ere hondamendia eragin dezake. Seguru asko lurraldeko agintariek sua egitea debekatu dute, eta ez dute baimenik emango uztondorik edo bazkarik erretzeko, ezta barbakoarik edo suterik egiteko ere. Kontsulta ezazu.
-Dena den, sute arriskua ertaina, handia edo oso handia denean, debekaturik dago mendian sua piztea.
-Onena mendian surik ez piztea da, baina baimenduta badago, lur garbian eta toki ireki batean egin ezazu, eta suaren inguruan harriak jarri. Ondo itzal ezazu, ura bota eta lurrarekin estali.
-Ez bota pospolorik edo zigarro-mutxikinik, ezta paperik, plastikorik, beirarik edo sua sorrarazi dezakeen bestelako hondarrik edo material erregarririk ere.
-Baso-lurretan ez erabili sasiak garbitzeko makinarik, motozerrarik, soldadura-talderik, disko-makinarik edo erradialik.
-Sute arriskua dagoen garaietan, mendian sartzeko ona izango litzateke lurra, bideak eta inguruak ondo ezagutzea, eta beti ikuspen handiko lekuetatik ibiltzea. Mendi-ibiliak egiteko, batez ere umeekin edo pertsona nagusiekin bazoaz, seinalatuta dauden bideetatik joan.