Bizkaia
Suak Lemoan kiskalitako pabiloian jarraitzen dute suhiltzaileek garrak berpiztea ekiditeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Suak industria-pabiloi bat suntsitu du Lemoan eta hogei bat pertsona ebakuatu behar izan dituzte. Gainera, emakume bat ospitalera eraman dute kea arnastu duelako. Garrek inguruan aparkatuta zeuden hainbat ibilgailu ere kaltetu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Suak industria-pabiloi bat kiskali du Lemoan eta hogei bat pertsona ebakuatu behar izan dituzte. Sutea mendean hartu dute, baina suhiltzaile-talde batek lanean jarraitzen du gauez garrak berpiztea ekiditeko.
Segurtasun Sailak azaldu duenez, BI-725 errepidean txandaka ematen dute pasoa, eta kamioiak joan-etorrian ari dira, eraitsitako eraikinaren hondakinak zabortegi batera eraman behar dituztelako.
Sutea goizaldeko 02:20ak inguruan piztu zen, eta Lemoa eta Zornotza arteko BI-635 errepidea itxi egin behar izan dute. N-240 eta N-634 errepideetatik bideratu dute zirkulazioa.
Suhiltzaileek zehaztu dutenez, kiskalitako eraikinak hiru solairu zeuzkan, eta garrak lehendabizikoan hasi dira. Solairu horretan material ezberdinak gordetzen zituzten, besteak beste, 50 tona plastiko. Halaber, 4.000 litro erregai ere bazeuden bertan, eta denak su hartu du. Oraingoz, baina, sua nola piztu den ez dute argitu.
Ezbeharraren tokira suhiltzaileen hiru talde bertaratu dira, baina, ordurako, garrak oso hedatuta zeuden eta eraikina behera etorri da. Gauzak horrela, sutea menderatzea lortu dute.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, pabiloian bizi ziren hamar pertsona ebakuatu behar izan dituzte, baita ondoko eraikin batean bizi ziren beste 11 lagun ere. Emakume bat ospitalera eraman behar izan dute, kea arnastu duelako. Halaber, suak inguruan aparkatuta zeuden hainbat ibilgailu kaltetu ditu.