bero-boladak
Frantziak ur murrizketak ezarri ditu herrialdeko 88 departamendutan lehortea dela eta
agentziak | eitb media
Herrialdearen zati handi bati eragin dio lehorte bortitzak, ondoz ondoko bero-boladen eta prezipitazio falta luzeen ondorioz.
Frantziako autoritateek ur-murrizketak ezarri dituzte herrialdeko 88 departamendutan lehorteagatik aktibatutako alertaren ondorioz. Batik bat, mendebaldeko eskualdeei eragin die, Loirerriari edo Poitou-Charentesi adibidez; baita ekialdekoei ere, Isère, kasu.
Herrialdearen zati handi bati eragin dio lehorte bortitzak, ondoz ondoko bero-boladen eta prezipitazio falta luzeen ondorioz.
Île-de-France departamenduan, Orge eta Rémarde ibaien arro hidrografikoetako 60 udalerriak alerta egoeran sartu ziren ostegunean prefeturaren aginduz, BFMTV kateak jakitera eman duenez.
Uztaileko lehen hamabostaldia herrialdean ezagutu den arorik lehorrena izan da, eta horrek hilabete honetan zehar gertatutako zenbait baso-sute larri gertatzea erraztu du, Meteo France agentziaren arabera.
Frantziako zerbitzu meteorologikoak ez du aurreikuspen onik igorri hemendik abuztuaren hasierara arte: ia ez da euririk espero datozen bi asteetan zehar, Pirinioak eta Alpeak salbuetsirik.