Irteera-Itzulera operazioa
1.700.000 desplazamendu erregistratu dira Biriatun uda hasi zenetik
EITB Media
Euskadik nazioarteko trafikoa berreskuratu du Udako Irteera-Itzulera Operazio berezian. Uztailaren 1etik 4 pertsona hil dira euskal errepideetan (hiru Gipuzkoan eta bat Araban), iaz baino pertsona bat gehiago denboraldi berean, eta 2020an baino bi gutxiago.
Bi urtez aktibatu gabe egon ondoren, Itsasartea Igarotzeko Operazioa aktibatu izanaren ondorioz, Euskadik nazioarteko trafikoa berreskuratu du. Hala ziurtatu Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren lehenengo balantzea egitean.
Uda hasi zenetik, Biriatuko mugan 1.700.000 desplazamendu baino gehiago erregistratu dira, bi noranzkoetan, 2021ean baino % 12 gehiago. "Europatik iristen diren eta, Euskadiko errepide-sarea zeharkatua, batez ere, Afrika Iparraldera eta, neurri txikiagoan, Portugalera doazen fluxuak dira", Diaz de Corcuerak azaldu duenez.
Nazioarteko trafikoaren ugaritze hori dela eta, seinalizazioa indartu da eta zerbitzuguneen inguruko informazio zabalagoa eskaintzen da.
Orain arte zirkulazioan zailtasun aipagarririk izan ez bada ere, aurreikusten da zirkulazio-dentsitate handiena asteburu honetan eta abuztuko lehenengo astean izatea, irteera-operazioari oporrak uztailean gozatu dituztenen itzulera batuko baitzaio,
Jaurlaritzak, Irteeran, AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko eta Gasteizen N-622 eta A-1 Burgos/Madrilerako noranzkoan lortzeko egin ohi diren seinalizazio-operazio bereziak gauzatuko ditu. Armiñongo lotunean, eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, behin-behineko seinaleen bidez gomendatuko da A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbide artean. Itzuleran, berriz, Armiñongo lotuneko operatiboa jarriko du abian, lehengo AP-1 eta A-1 lotzen diren lekuan, Gasteizerako noranzkoan.
Era berean, barneko trafikoaren fluxuari dagokionez, Diaz de Corcuerak adierazi du oraingoz iazkoak baino handiagoak direla, eta ez direla 2019ko zifra maximoetara iritsi. Bere hitzetan, ibilgailu-pilaketarik handienak asteburuetan izaten dira A-8an, Kantabriarako noranzkoan, eta Kantabriatik Euskadira itzultzean, eguraldi onak bultzatuta. Horregatik, puntu horretan erreskateko garabi-zerbitzu berezi bat gaitu da istripua izan duten ibilgailuak erretiratu ahal izateko eta, horrekin, pilaketak murrizteko. Orain arte 10 erreskate egin ditu (5 istripuengatik eta beste 5 matxurengatik). Zerbitzua ongi dabilela ikusita, aurten gehitu egin da zerbitzuaren egun-kopurua (29 egun), eta 2021eko udan baino %¿20 gehiago izango dira.
Behin-behineko balantzea
Uztailaren 1etik 4 pertsona hil dira euskal errepideetan (hiru Gipuzkoan eta bat Araban), iaz baino pertsona bat gehiago denboraldi berean, eta 2020an baino bi gutxiago.
Tokiko trafiko-dentsitate handieneko lekua A-8 autobidea izan da, Bizkaitik Kantabriarako noranzkoan. Uztailaren 8an 13 kilometroko ilarak sortu ziren ibilgailu-kopuru handiaren eta istripu baten eta bi matxuraren ondorioz.
Gipuzkoan uztailaren 5ean 8 kilometroko ilarak sortu ziren AP-8an, Biriatuko ordainlekuan, Frantziarako noranzkoan, ibilgailu ugari pilatu izanaren ondorioz.
Bestalde, Araban auto-ilarak sortu dira, ibilgailu asko ibili direlako, bi puntutan: 5km A-1 eta AP-1 errepideen arteko loturan, Burgos/Madril norabidean, uztailaren 23an, larunbata; eta 2 km N-622 eta A-1 errepideen arteko loturan, , Burgos/Madril norabidean, uztailaren 22an, ostirala eta 23an, larunbata.
Gomendioak
Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du bidaian irten aurretik errepideen egoera kontsultatzea 011 telefono-zenbakian (24 orduko arreta), www.trafikoa.euskadi.eus webgunean, TrafikoaEJGV aplikazioan edo @TrafikoaEJGV Twitter kontuan.
Horrez gainera, gomendatzen du:
· Ibilgailua ondo dagoela ziurtatzea.
· Otordu oparorik ez egitea, logura saihesteko, eta alkoholik, drogarik edo gidatzean eragina izan dezakeen botikarik ez kontsumitzea.
· Abiadura trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitzea, eta beti jarraitzea Ertzaintzako agenteen aginduak.
· Segurtasun-tarteak gordetzea.
· Atseden hartzea bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.
Era berean, erantzukizun kolektiborako eta gainerako gidariak, bereziki zaurgarrienak (txirrindulariak, motor-gidariak, pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen gidariak eta oinezkoak), errespetatzeko deia egiten du, Euskadiko errepide-sarean trafiko-istripuetan biktimarik ez izateko Vision Zero sustatzeko.