Itxi

Emakumeen aurkako indarkeria

Ziztadak salatu dituzte beste 33 emakumek Baionan, eta 12 kasu ikertzen ari da Ertzaintza EAEn

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Festak hasi zirenetik, 112 emakumek salatu dituzte ziztadak Baionan. Gainera, Bilbon, Santurtzin, Etxebarrin, Zierbenan, Zarautzen, Gasteizen eta Azpeitian ere gertatu dira kasuak, besteak beste, baina inon ez da substantzia toxikoen arrastorik aurkitu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Alarma eta kezka zabaltzen ari dira azken orduetan izaten ari diren sumisio kimiko saiakera edo ziztada salaketak direla eta. Bart, Baionako festetan beste 33 emakumek salatu dute ziztada sentitu izana eta bat ospitalera eraman dute. Festak hasi zirenetik 112 emakumek salatu dituzte ziztadak Lapurdiko hiriburuan: 16k, lehen egunean; 24k, bigarrenean; 39k, ostiralean eta 33k, gaur gauean.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Ertzaintzak jakinarazi du azken hamabost egunetan gertatutako dozena bat ziztada ikertzen ari direla. Guztiak udako jaien zein aisialdirako guneen inguruan gertatu zaizkie emakumeei, baina ez da substantzia toxikoen arrastorik aurkitu.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ziztadak gertatu izana egiaztatu dute osasun langileek. Bilbon, Santurtzin, Etxebarrin, Zierbenan, Zarautzen eta Gasteizen erregistratu dira 12 kasu horiek. Kasu guztietan, biktima jai giroan edo gaueko aisialdian zegoela, ziztada bat nabaritu zuen, besoan edo hankan, eta, ondoren, ondoezik sentitzen hasi zen (zorabioak, logurea). Azken orduetan, Azpeitian eta Villabonan ere izan dira salaketak.

Bilbon eta Gasteizen, diskoteketan gertatu dira ziztadak; Bilbon, Back Stagen, eta Gasteizen, ostiralean, hiru emakume ziztatu zituzten diskoteka batean. Gainontzeko kasuak jaietan eta txosnaguneetan izan dira.

Villabonan, esaterako, tabernak eta txosnagunea itxi dute bart 01:30 aldera, hainbat emakumek ziztadak sentitu izana salatu eta gero. Gainera, bestelako eraso matxistak ere izan dira festetan, eta elkarretaratzea deitu du gaurko mugimendu feministak. Villabonako zein Zizurkilgo Udalek bat egin dute protestarekin.

Zierbenan, berriz, Arena hondartza inguruko txosna itxi dute 05:00ak aldera, arrazoi beragatik.

Azpeitian, Udalak baieztatu du bi neska artatu dituztela anbulatorioan ziztada jasan dutelako. Josu Labada alkateordeak Euskadi Irratian salatu duenez, "indarkeria matxistaren forma berri baten aurrean gaudela ematen du", eta emakumeek aske eta seguru ibiltzeko duten eskubidea aldarrikatu du.

Toxikoen arrastorik ez

Ertzaintzak azaldu duenez, erasotutako emakumeak asistentzia gune batera joan eta osasun langileek baieztatu zuten ziztada. Hala, baieztatzen den kasuetan, analisi toxikologikoak egiten zaizkio biktimari, baina, orain arte, inori ez zaio inolako substantziarik atzeman.

Segurtasun Sailak dio ez dakitela zein den ziztada horien motibazioa, asmoa edo helburua, eta ez dutela baztertzen hipotesirik. Hori bai, oraingoz ez omen dute ikusten sexu-askatasunaren aurkako edo bestelako delitu baten zantzurik.

Ziztada sentituz gero, ingurukoei berehala jakinarazteko, osasun zentro batera joateko eta 112, Ertzaintza edo udaltzaingoei jakinarazteko eskatu dute.

Elkarretaratzea Algortan

Bestalde, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Algortan, hiru emakumek ziztadak jaso izana salatu eta gero. Algortako Mugimendu Feministak azaldu zuenez, "hiru emakumek osasun zerbitzuetara jo zuten ziztada bat nabaritu ondoren zorabio sentsazioa izan zutelako (…) Ordu batzuk geroago, gizon batek ere ziztada jaso izanaren abisua jaso genuen txosnagunean".

"Ziztatu ostean sumisio kimikorik gertatzen ez diren kasuak ere salatu nahi ditugu, emakumeok beldurtu eta jai eremuak guretzako seguruak ez diren espazio bihurtzeko. Ziztada, beraz, droga eraso bat baino askoz gehiago da", salatu zuten oharrean.

Getxoko Udalak erasorik ez zela izan esanez kaleratutako oharrari erreferentzia eginez, emakumeen hitza ez dela zalantzan jarri behar ohartarazi zuten: "Hemen elkartu gara testigantzak zalantzan jartzen ez ditugunok, erasotuen hitza eta mugimendu feminista zalantzan jartzen ez dugunok. Getxoko Udalak egin ez duen bezala". Amaitzeko, azpimarratu dute ez dutela "inolako erasorik onartuko" eta "irmotasunez salatzeko elkartu" direla.

Algortan izandako elkarretaratzearen irudietako bat. Argazkia: EITB MEDIA

Albisteak (6)

Bideoak (1)