TRAFIKOA
Lasaitasuna nagusi errepideetan, pilaketa esanguratsurik gabe
EITB MEDIA
Urteko asteburu kritikoena izaten ari da hau. Gipuzkoa eta Lapurdiko mugan, adibidez, 177.000 ibilgailu igaroko dira bi egunetan.
Irteera operazioak eta itzulera operazioak bat egin dute asteburu honetan euskal errepideetan, eta, ondorioz, trafiko handia dago. 13:00etan, auto-ilarak zeuden Irungo eta Zarauzko AP-8ko ordainlekuetan, Bilborako noranzkoan, baita A-1ean ere AP-1erako loturan, Armiñonen, Madrilerako noranzkoan.
Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaritzak 600.000 ibilgailuren joan-etorriak espero ditu Euskal Autonomia Erkidego osoko errepide sarean. Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan, berriz, 177.000 ibilgailu espero dira bi egunotan.
Atzo emandako datuen arabera, uda hasi zenetik, 1.700.000 desplazamendu baino gehiago erregistratu dituzte Biriatuko ordainlekuan eta pandemia aurreko azken urteko, 2019ko, datuak gaindituko direla uste dute.
Gomendioak
Bidaia irten aurretik errepideen egoera kontsultatzeko gomendatzen du Eusko Jaurlaritzak: 011 telefono zenbakian (24 orduko arreta), www.trafikoa.euskadi.eus webgunean, TrafikoaEJGV aplikazioan edo @TrafikoaEJGV Twitter kontuan.
Horrez gainera, ondorengo gomendioak kontuan izateko eskatu du:
· Ibilgailua ondo dagoela ziurtatzea.
· Otordu oparorik ez egitea, logura saihesteko, eta alkoholik, drogarik edo gidatzean eragina izan dezakeen botikarik ez kontsumitzea.
· Abiadura trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitzea, eta beti betetzea Ertzaintzako agenteen aginduak.
· Segurtasun-tarteak errespetatzea.
· Atseden hartzea bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.