Indarkeria matxista
Zer egin sumisio kimikoaren biktima edo kasu baten lekuko izan bazara?
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Jaietan eraso matxistak prebenitzeko gida eguneratu du Emakundek, sumisio kimikoari buruzko eranskin bat gehituta. Dokumentuan, sintoma ohikoenak zeintzuk diren eta nola jokatu behar den azaldu dute. Gakoa: gertatutakoari garrantzirik ez kentzea eta gertatutakoaren berri lehenbailehen ematea.
Jaietako testuinguruan, norberak edo lagunen batek honako sintomaren bat du: logura, zorabioak, goragalea, alterazio bisualen bat... Alkohol edo droga gehiegi hartu izanaren ondorio izan daitezke sintomok, baina beste pertsona batek berariaz eragindako (edarian substantziaren bat botata edo ziztatuta) sumisio kimikoaren ondorio ere izan daitezke.
Hain justu, Ertzaintza ziztadengatik ikertzen ari den 12 salaketen harira, Emakundek sumisio kimikoari buruzko eranskina gehitu dio jaietan eraso matxistak prebenitzeko Eudelekin eta foru erakundeekin prestatutako gidari.
Eguneratutako dokumentuan, indarkeria matxista mota hori zer den, sintoma ohikoenak zeintzuk diren eta halako kasuen biktima izanez gero jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren zehaztu ditu Emakumearen Euskal Erakundeak.
Zer egin?
Biktima edo lekuko izan, gomendio nagusia larrialdi zerbitzuak ohartaraztea eta bakarrik ez jardutea da.
Dokumentuaren arabera, emakume batek "ziztadaren bat sentitzen badu gorputzaren edozein partetan" edota sumisio kimikoarekin bateragarriak diren sintomaren bat badu, lagunak, ostalaritzako edo txosnetako arduradunak ohartaraztea edo jai gehienetan dauden indarkeria matxistaren kontrako Informazio Gunera jotzea gomendatzen da. 112 larrialdietako telefono zenbakira deitu behar da segidan. Sintomak igaro bitartean, bakarrik ez egoteko aholkatu dute.
Biktima beste pertsona bat bada, hark kontatutakoari garrantzirik ez kentzea da gomendioa, eta betiere bakarrik ez uztea.
Ostalaritza lokalen, txosnen eta puntu moreen arduradunentzako jarraibideak ere jaso dituzte gidan. Lehenik eta behin, (halakorik izanez gero) erasoei aurre egiteko protokoloa aktibatzea, larrialdi zerbitzuak ohartaraztea, eta, beharrezkoa balitz, baita osasun arlokoak ere, biktimak artatzeko.
Sumisio kimikopean sexu erasoa jasan duten susmoarekin itzartzen diren emakumeentzat hau da aholkua: erietxe batera joan artatua izateko eta dagokion azterketa egiteko, gogoratzen duena kontatzeko eta Ertzaintzan salaketa aurkezteko.
Sintoma ohikoenak
Sumisio kimikoaren biktimek eduki ohi dituzten sentsazioak bildu dituzte dokumentuan:
- Hitz egiteko zailtasunak
- Alterazio bisualak
- Logura
- Nahastea
- Desinhibitzea
- Asaldura edo aluzinazioak
- Erabakiak hartzeko ahalmena nahastea
- Zorabioak edo bertigoa
- Motrizitatean eta orekan alterazioak
- Goragalea
Zer da sumisio kimikoa?
Beste pertsona bati eraso egiteko asmoarekin, hura zaurgarri bihurtzeko, substantzia baten bidez, berariaz egindako ekintza.
Gidan jasotzen denez, "substantzia hori edariren batera bota daiteke edo ziztada bidez sartu jendetza, iluntasuna edo bi baldintzok baliatuta. Ziztadek ez dute zertan sumisio kimikoa eragin, baina emakumeengan beldur sexualaren giroa sortzen dute. Izan ere, testuinguru horretan, andrazkoak ez dira seguru sentitzen eta ezin dituzte jaiak askatasunez gozatu".