Kargatzen...
Itxi

Emakumeen aurkako indarkeria

Gorroto delitua leporatu ahalko die Ertzaintzak emakumeei egindako ziztaden egileei

T. S. J. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

ErNE sindikatuak EITB Mediari baieztatu dionez, genero-arrazoiagatik egindako gorroto delitua jasoko dute atestatuan, "beldur-giroa" eragiteko asmoarekin, emakumeei egindako ziztada-kasuetan. 1 eta 4 urte bitarteko espetxe-zigorra ekar lezake. Dena dela, azken erabakia epaileen esku egongo da.

Ziztaden aurkako pankarta bat, Algortako jaietan. Argazkia: EITB MEDIA

Emakumeei egindako ziztaden egileei gorroto delitua leporatu ahalko diete, EITB Mediari ErNE sindikatuak baieztatu dionez.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ertzain-etxeetara bidalitako aginduaren arabera, genero-arrazoiagatik egindako gorroto delitua jaso dezakete ziztada kasuen atestatuetan, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira: "beldur-giroa" eragiteko asmoarekin, "mehatxatutako kolektiboko" pertsona bati egindakoa izatea (emakumeei). Ziztada-egileei 1 eta 4 urte bitarteko espetxe-zigorra ezarri ahalko zaie.

Lesio delitua gorroto delitu batengatik aldatzeko agindua ertzain-etxeetara heldu izana baieztatu du Aitor Otxoa ErNE sindikatuko Antolakuntza arduradunak Radio Euskadik jasotako adierazpenetan. "Agindu horrek baldintza batzuk zehaztuko ditu eta, horren arabera, litekeena da erasoaren delitu mota aldatzea eta gorroto delitua egotzi ahal izatea", azaldu du Otxoak. Dena dela, ohartarazi duenez, "guk ezarritako delitu mota gorabehera, epaileen eta fiskalen esku egongo da azken erabakia".

Ikerketa

Uda hasi zenetik gutxienez 15 ziztada kasu ikertzen ari da Ertzaintza, guztiak udako jaietan eta gaueko aisialdi lokaletan izandakoak. Azken salaketak Gasteizko txupinazoan izandako ziztadak izan dira (bi gaztek), eta adingabe batek Ordizian. Uztailaren amaieran izandako Baionako bestetan, berriz, 100 emakume baino gehiagok ziztadak salatu zituzten.

Albisteak (3)