LEHORTEA
Ur Patzuergoak ura ontzi batean garraiatuko du Santurtzitik Bermeora Busturialdeko ur hornidura bermatzeko
EITB MEDIA
Ontziak ibilbide bakoitzeko 4.000 m3 garraiatzeko gaitasuna izango du, eta ur hori Bermeora, Mundakara, Sukarrietara eta Busturiara helduko da urriaren erdialdera arte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP), datozen asteetan, edateko ura ontzi batean garraiatuko du Bilboko Portutik (Santurtzitik) Bermeora. Horri esker, Bermeoko, Mundakako, Sukarrietako eta Busturiako ur hornidura bermatuko da.
Itsasontziak ibilbide bakoitzeko 4.000 m3 garraiatzeko gaitasuna izango du, eta, aurreikusitakoaren arabera, urriaren erdialdera arte egongo da martxan. Gutxi gorabehera 2.000 m3-ko ekarpen garbia egingo du egunean; beraz, segundoko 23 litro hornituko ditu.
Ontzi horrek aurreko asteetan hartutako beste neurri batzuk sendotuko ditu; astelehen honetatik aurrera, ur zerbitzuaren presioa nabarmen murriztuko da gauean (00:00etatik 06:00etara) Busturialdean, ur horniduran aurrezpenak handitze aldera.
Eskualdea hornitzen duten bideen egoera okerragotu egin da azken egunotan, gaur egungo larrialdi-egoera lehengoratzeko prezipitazio nahikorik egon ez izanagatik eta tenperatura altuko egun ugariengatik.
Arazoari behin betiko irtenbidea emateko, Busturialdeko sarea Zadorraren Sistemara lotzen duen azpiegitura bat eraikiko da, partzuergoaren 2022-2025 inbertsio-programan aurreikusitakoaren arabera. Dagoeneko, lizitatu egin da eraikuntza-proiektu horren azterlana.