Itxi

Sutea Frantzian

Sute larri batek 6.800 hektarea kiskali ditu Girondan eta Landetan, eta 10.000 pertsona ebakuatzera behartu du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Biriatuko muga itxita egon da kamioietarako, eta, ondorioz, Hendaiarako noranzkoan, bost kilometrorainoko ilarak izan dira. Ostegun eguerdian, baina, ireki egin dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Sute larria piztu da Girondan (Frantzia), eta Landetara ere iritsi da. Dagoeneko, 6.800 hektarea kiskali ditu suak, eta 10.000 pertsona ebakuatu behar izan dituzte.

Suak 5.000 hektarea erre ditu gau bakarrean, eta 16 etxebizitza suntsitu ditu.

Biriatuko muga itxita egon da kamioietarako, eta, ondorioz, Hendaiarako noranzkoan, bost kilometrorainoko ilarak izan dira. Ostegun eguerdian, baina, ireki egin dute.

Eskualdean, iragan uztailean etxetik atera behar izan zituzten herritarrei berriro eragin die suak. Orduko suteak 13.000 hektarea erre zituen.

Suaren bizitasuna ikusita, Gerald Darmanin Barne ministroak baliabide gehiago bidaliko dituztela iragarri du. Twitter sare sozialean ziurtatu duenez, 1.000 suhiltzaile baino gehiago, bederatzi hegazkin eta bi helikoptero arituko dira sugarrak itzaltzen.

Darmaninek azaldu duenez, zenbait foku piztu dira aldi berean; horregatik, nahita piztu dutela uste du.

"Lehentasuna bizitzak salbatzea da", esan du Martin Guespereau Girondako prefetak. Eguna "oso zaila" izaten ari dela onartu du Guespereauk, tenperatura altuen (40 gradu inguru) eta haizearen ondorioz.

Suak milaka hektarea kiskali ditu azken orduetan Frantzian. Horregatik, bertako Gobernuak suhiltzaile boluntarioei sugarren aurkako borrokarekin bat egitea eskatu die.

Hego-ekialdean, Isere, Drome eta Aveyron departamenduan suteak daude, baita ipar-mendebaldean ere, Marne-et-Loiren.

Baldintza "bereziki zailak"

"Baldintzak bereziki zailak dira", adierazi dute agintariek, kontuan izanik tenperatura altuak daudela egun hauetan (40 gradura artekoak), eta lehortea ere handia dela.

1.100 bat langile dabiltza sutea itzali nahian, eta aurreikuspena da "laguntza gehigarriak" jasotzea. Elisabeth Borne lehen ministroak gunea bisitatuko du ostegun honetan, Gerald Darmamnin Barne ministroarekin batera.

Hamar etxebizitza baino gehiago erre dira Belin-Beliet gunean; oraingoz ez dute jakinarazi inor zauritu denik.

Hori guztia dela eta, Fabienne Buccio Girondako prefetak herritarrei eskatu die "sutearen gunera ez joateko, larrialdi-zerbitzuen lanei oztoporik eragin ez diezaieten", baita "kontuz ibiltzeko" ere.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Galeriak (1)