Itxi

Unibertsitateak

Euskal Herriko Unibertsitatea, aurten ere, munduko 400 unibertsitate onenen artean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Shangaiko rankinaren arabera, munduko 150 onenen artean dago Ingeniaritza Metalurgikoan, Ingeniaritza Kimikoan eta Kimikan, eta 200 onenen artean Elikagaien Zientzia eta Teknologian, Materialen Zientzia eta Ingeniaritzan, Nanozientzian eta Nanoteknologian eta Matematikan.

EHUren Bizkaiko campusa.

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) munduko laurehun unibertsitaterik onenen artean dago, unibertsitate campusen munduko sailkapenik ospetsuena den Shanghaiko "ranking"-aren arabera. Zerrenda akademikoak aldizkari zientifikoetan argitaratutako artikulu kopuruaren -batez ere "Nature" eta "Science" -, erakundearen tamainarekiko "per capita" errendimenduaren edo bertan ikasi duten edo eskolak ematen dituzten Nobel Sarien kopuruaren arabera sailkatzen ditu zentroak.

Espezialitateei dagokienez, EHU 150 onenen artean kokatu da hiru diziplinatan: Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa eta Kimika; eta 200 onenen artean beste lau diziplinatan: elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Nanozientzia eta Nanoteknologia, eta Matematika.

Aurten Matematika gehituta, zazpira igo da (aurreko urtean sei ziren) euskal unibertsitate publikoak postu horietan kokatzen duen espezialitate kopurua.

EHUk 300 postu onenen artean egotea lortu du, halaber, Telekomunikazioen Ingeniaritzan, Energiaren Zientzia eta Ingeniaritzan, Farmazian eta Farmazia Zientzietan, eta Komunikazioan.

Beste hamabi espezialitatetan laurehun onenen artean kokatu da: Fisika; Nekazaritza Zientziak; Ingurumeneko Zientzia eta Ingeniaritza; Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Biologia Zientziak, Osasun Publikoa, Zientzia Politikoak; Zientzia eta Ingeniaritza Informatikoa; Ekologia; Ekonomia eta Psikologia.

Datu horiek ezagutu ondoren, Eva Ferreira EHUko errektoreak "arrakastatsutzat" jo du munduko 400 unibertsitate onenen artean egotea, eta nabarmendu du horrela "nazioartean ikusgarritasun handiagoa eta ospe bikaina" lortzen dela.

Euskal unibertsitate publikoa duela hamar urte sartu zen zerrenda horretan. Une hartan, munduko 500 unibertsitate onenen artean zegoen. Gero hobera egin zuen eta 301 eta 400 onenen artean kokatu zen.

Lehen postuak

Harvard, Stanford eta MIT (Massachusetts Institute of Technology) unibertsitateak dira sailkapeneko lehen hiru postuak betetzen dituztenak, hurrenkera horretan.

Ondoren, Cambridge (4.), Berkeley (5.), Princeton (6.), Oxford (7.), Columbia (8.), Caltech (9.) eta Chicago (10.) daude. Denak dira iparramerikarrak, Cambridge eta Oxford britainiarrak izan ezik.

Estatu espainiarreko bost unibertsitate lehen 200 unibertsitateen artean daude, 2021ean baino bat gehiago, eta horien artean Bartzelonako Unibertsitatea nabarmentzen da aurten ere, 151. postutik 200.era bitarteko tartean kokatzen den unibertsitate bakarra baita.

Munduko 201 eta 300 campus onenen artean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Madrilgo Complutensea, Granadakoa eta Valentziakoa daude.

 EHUz gain, 301etik 400era bitarteko postuetan kokatzen dira Madrilgo Unibertsitate Autonomoa eta Pompeu Fabra kataluniarra ere.