energia berriztagarriak
Jaurlaritzak zentral eolikoak eraikitzeko egindako "presioa" kritikatu du Arabako Mendiak Aske plataformak
agentziak | eitb media
Plataformak nabarmendu duenez, energia berriztagarriak "beharrezkoak" dira, "betiere inguru naturala errespetatzen badute".
Arabako Mendiak Aske plataformak kritikatu egin du Eusko Jaurlaritza Labrazako eta Azazetako (Araba) zentral eolikoak eraikitzeko egiten ari den "presio neurrigabea".
Plataformak igande honetan kaleratutako ohar batean adierazi duenez, bai EAJ bai Iberdrola "ahal duten guztia" egiten ari dira proiektu horiek aurrera ateratzeko, "indarrean dagoen araudia betetzen duten ala ez alde batera utzita".
Era berean, baietsi du krisi energetikoa erabiltzen ari direla "urteetan zehar ezarritako ingurumenaren babeserako araudia deuseztatzeko", eta kritikatu du Arabako Aldundiak antolamendu energetiko planik garatu ez izana, "gisa honetako proiektuak aurrera eramateko ezinbesteko baldintza".
Arabako Mendiak Askek gaineratu duenez, energia berriztagarriak "beharrezkoak" dira, "betiere inguru naturala errespetatzen badute", eta esan du "onartezina" dela lurraldean kontsumituko ez den energia eremuko "ingurumen ondareari hainbeste ematen dioten mendilerro batzuk industrializatzearen truke lortzea".