Tximino-baztanga
Tximino-baztangaren aurkako txerto bakoitzetik bost dosi atera ahalko dira
Agentziak | EITB Media
Invamex txerto bakoitzetik dosi gehiago ateratzea onartu du Osasun Publikoko Batzordeak. Horrela, bost aldiz gehiago izango da txertoa jaso dezaketen pertsona kopurua.
Osasun Publikoko Batzordeak aho batez onartu du tximino-baztangaren aurkako txerto (Invamex) bakoitzetik bost dosi ateratzea. Beraz, jende gehiagori jarri ahal izango zaio txertoa.
Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, txertoa 0,1 ml-ko dosi gisa emango zaie 18 urtetik gorakoei, modu intradermikoan, birusaren eraginpean egon aurretik zein ondoren. Salbuespena izango dira haurdun dauden emakumeak eta immunodeprimituta dauden pertsonak. Horiei 0,5 ml-ko dosia emango zaie larruazaletik, orain arte egiten ari ziren bezala.
Invamex baimenduta dago azalpetik 0,5 ml-ko bi dosi emateko, gutxienez lau astez. Hala ere, 500 helduren artean egindako azterketa kliniko batek ondorioztatu du dosi txikiagoak ere eraginkorrak izan daitezkeela azalaren geruza kanpokoenaren azpitik (modu intradermikoan).
Sendagaia mundu osoan urriak denez eta Bavarian Nordic ekoizleak epe laburrean eskaerari aurre egiteko behar adinako ekoizpenik lortu ezin duenez, txertoa jartzeko modua aldatzeak pertsona gehiagok txertoa hartu ahal izatea ekarriko du. Gehienez, bost aldiz gehiago.
Europako Sendagaien Agentziak (EMA) ostiralean berretsi zuen aldaketa, baina modu intradermikoan ematekotan, bolumen hil txikiko xiringak erabiltzea gomendatu zuen, baita era horretako injekzioetan esperientzia duten profesionalek egitea ere.
5.000 txerto gehiago
Espainiako Estatuak 5.000 dosi gehiago jaso ditu. Ekainean 5.300 jaso zituen eta abuztuan 7.000; beraz, guztira 17.000 txerto ditu.
Autonomia erkidegoek jakinarazitako kasu kopuruaren arabera banatzen dituzte dosiak. Euskal Autonomia Erkidegoan 188 kasu baieztatu dira, eta bosgarren erkidegoa da kasu kopuruari dagokionez. Nafarroan 16 kasu daude, Errioxa, Ceuta eta Melillaren aurretik.