EUSKAL KAZETARIA
Pablo Gonzalezen abokatua: "Poloniak behin-behineko espetxealdia luzatzen du ez duelako frogarik"
EITB MEDIA
Europako beste herrialdeek eta Espainiak izandako jarreraren inguruan, Gonzalo Boyek adierazi du momentu honetan "komeni" dela Poloniaren aliatu izatea. Bere hitzetan, Poloniak Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna urratzen du.
Gonzalo Boye Pablo Gonzalezen abokatuak ziurtatu du Poloniak kazetariaren behin-behineko espetxealdia luzatzen jarraitzen duela ez duelako frogarik mahai gainean. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean abokatuak Poloniako Fiskaltzaren espetxealdi luzapena kazetariaren aurkako froga faltarekin erlazionatu du.
Halaber, Boyek gogor kritikatu du Polonia, defendatuz bere jarrera ez dela herrialde demokratiko batek jarraitu beharreko jarrera, eta herrialdeak Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna urratzen duela.
Europako beste herrialdeek eta Espainiak erakutsitako pasibotasunaren inguruan, abokatuak gaineratu du momentu honetan "komeni" dela Poloniaren aliatu izatea.
Gainera, Boyeren hitzetan, Gonzalezi ez zaio delitu bera egotzi zitzaien beste pertsona batzuen tratu bera eman. Izan ere, beste horiek Errusiara bidali dituzte, inkomunikaziozko erregimen bat ezarri gabe.
Pablo Gonzalezek 177 egun daramatza kartzelan.