Itxi

Koronabirusa

Modernak eta Pfizerrek egokitutako txertoak erabiltzea gomendatu du Sendagaien Europako Agentziak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Modernak eta Pfizerrek euren txertoak moldatu dituzte, covid-19aren aldaera berriei aurre egiteko eraginkorrak izan daitezen, eta Sendagaien Europako Agentziak ontzat eman ditu.

Erizain bat gazte bati covid-19aren aurkako txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE

Covid-19aren aldaera berriei aurre egiteko Moderna eta Pfizer enpresa-farmazeutikoek egokitu dituzten txertoak erabiltzea gomendatu du Sendagaien Europako Agentziaren Giza Erabilerarako Medikamentuen Batzordeak.

Txertoak moldatu egiten dira SARS-CoV-2 birusaren aldaera berriei aurre egiteko eraginkorrak izan daitezen, hots, birusak eboluzionatu arren, sistema immunitarioak babesik gal ez dezan.  

Agentziak azaldu duenez, ikerketek erakutsi dute txerto berriak eraginkorrak direla Omicron BA.1 aldaerari eta SARS-CoV-2aren jatorrizko anduiari kontra egiteko. Areago, BA.1 aldaeraren aurrean erantzuna askoz hobea dela zehaztu dute.

Hasierako txertoekin gertatzen zen moduan, oro har, albo-ondorio arinak eragiten dituztela eta epe laburrean desagertzen direla azpimarratu dute.

Giza Erabilerarako Medikamentuen Batzordearen ebazpena Europako Batzordera bidaliko dute eta Europako agintariek esku egongo da txerto berriak erabiltzen hasteko baimena ematea edo ez.