Osasuna
Darias: "Zuhurtzia osoarekin, Espainia tximino-baztangaren transmisioko beherakada-fasean dago"
EITB MEDIA
Espainiako Gobernuko Osasun ministroak, halaber, iragarri du irailean, aste honetatik aurrera, covid-19aren aurkako txerto berrietako 10 milioi dosi helduko direla, Omikronen kontra egokituta.
Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak astelehen honetan adierazi duenez, "zuhurtzia osoarekin, Espainia tximino-baztangaren transmisioko beherakada-fasean dago". Horrez gain, Dariasek iragarri du irailean, aste honetatik aurrera, covid-19aren aurkako txerto berrietako 10 milioi dosi helduko direla, Omikronen aurka egokituta.
Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren bilera amaituta, Dariasek adierazpenak egin ditu. Tximino-baztangaren gainean, gogora ekarri du Espainian, azken txostenaren arabera, 6.645 kasu daudela, eta, gaixotasun horren aurka, Invamexeko txertoaren 17.000 dosi ditu espainiar Estatuak.
Ildo horretan, Darias pozik azaldu da Osasun Publikoaren Batzordeak hartutako erabakiagatik; izan ere, Batzordeak abuztuaren amaieran berretsi zuenez, tximino-baztangaren aurkako txerto bakoitzean dosi gehiago aterako dituzte, ahalik eta pertsona gehien txertatzeko asmoz.
Gogorarazi duenez, txertoa, egun, 0,1 mililitroko dosiarekin ematen diete 18 urtetik gorakoei, demis barneko moduan, bai esposizioaurrean baita postesposizioan ere, emakume haurdunen eta pertsona immunodepresiboen kasuetan izan ezik; azken horiei, bide kutaneoan, 0,5 mililitroko dosia ematen zaie, aurretik ere egiten zutenez.
Covid-19aren aurkako txerto berrietako 10 milioi dosi
Gainera, Carolina Dariasek iragarri du irailean, espainiar Estatura, covid-19aren aurkako txerto berrietako 10 milioi dosi iritsiko direla, Omikroni aurre egiteko egokituta, Pfizer/BioNTechekoak zein Modernakoak; lehenak aste honetan helduko dira. Aurreratu duenez, Osasun Publikoaren Batzordeak aste honetan bertan erabakiko du noiz hasiko diren dosi horiek jartzen; segur aski, iraileko bosgarren hamabostalditik aurrera izango da.
Txerto horiek gizatalde zaurgarrienei emango dizkiete hasiera batean, hau da, 80 urtetik gorako herritarrei eta adineko pertsonen egoitzetako erabiltzaileei. Hala zehaztu zuen igandean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Gerora, 60 urtetik gorakoak hasiko dira jasotzen.
Kontuan izanik Espainian covid-19ko kasuak murriztu egin direla, "eta azken zortzi asteotan joera horri eusten ari zaiola", ministroa pozik azaldu da; izan ere, 60 urtetik gorako herritarrei erreparatuta, intzidentzia-tasa 1.255etik 153era jaitsi da.
Ospitaletan dagoen egoera aztergai, Dariasek nabarmendu du gaur egungo okupatze-maila, Estatu espainiarrean, "pandemiako txikienak" direla; ospitaletako ohetako % 2,5 bat daude okupatuta, eta ZIUetako % 1,4, hain zuzen ere. Ospitalizazioen % 50 inguruk ez dute zerikusirik koronabirusarekin, Espainiako Osasun ministroaren arabera: "Udazkenari eta neguari aurre egiteko, hau da, birusa gehien ibili ahal den garaiei begira, egoera nahiko hobeezinean gaude. Beheranzko joerari eutsi behar diogu, baldintza onenetan izateko", gehitu du.