Nafarroa
Bi lagun ospitaleratu dituzte Zizurren, legionelako agerraldi batengatik
EITB MEDIA
Biak auzokoen erkidego berean bizi dira. Oraingoz, agerraldiak ez die eragin herritar edo erkidego gehiagori.
Bi lagun ospitaleratu dituzte Zizurren, auzokoen erkidego batek partekatzen duen Osasun Ur Beroko instalazioan antzemandako legionelako agerraldi batengatik, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez. Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak garbitasuneko eta desinfekzioko neurriak hartzea agindu du, agerraldia kontrolatzeko; oraingoz, aipatutako iturriak zehaztu duenez, agerraldiak ez die eragin herritar edo erkidego gehiagori.
Hala, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko Ingurumen Osasun Arloak, asteazkenean, laginak jaso zituen kaltetuen etxeetan. Irailaren 1ean egindako PCR batean, positibo eman zuten bi lagunek, legionelan, eta kultibo bidezko emaitzen zain daude orain.
Kontuan izanik bi kasuak auzokoen erkidego berean bizi ziren herritarrengan jazo direla, eta, halaber, bi lagun horiek egun gutxiko aldearekin ospitaleratu zituztela, Institutuak egindako analisiak aztertu zituen, ebazteko bi kasuek zerikusirik izan ahal zuten. Hala, egiaztatu zuten kale bereko bi ataritan bizi direla, eta auzokoen erkidego berekoak direla; erkide horrek Osasun Ur Beroko instalazioa partekatzen du, eta instalazio horietan arriskua dago legionela bakterioa ugaltzeko.
Laginak positiboak zirela egiaztatuta, Institutuak eskatu zion auzokoen erkidegoari neurriak har zitzala: instalazioa garbitu eta desinfektatzeko, pilaketa-tenperatura 55 gradutik gora egoteko, eta sareko kloro-maila 0,5-1 bitartekoa izateko. Halaber, eragindako atarietako bizilagunek hartzeko moduko neurriak biltzen zituen informazio-eredu bat eman zuen Institutuak.
Legionelosia legionela-motako bakterioek eragindako gaixotasuna da. Bakterio horiek ur gezako giroetan egoten da, lakuetan eta erreketan kasu. Ugaltzen direnean eta osasun-uretan zabaltzen direnean (ur hotzean edo beroan), edo ura ibiltzeko behar duten beste sistema batzuetan, pertsonen osasunari kalte egin diezaiokete.
Gaixotasuna ez da pertsonen artean transmititzen, ezta ura kontsumitzeagatik; bakterioa eraman dezaketen aerosolak arnastean gauzatzen da transmisioa.