Balantzea
Uztailak eta abuztuak 11 hildako utzi dituzte EAEko errepideetan, 2021ean baino bost gehiago
EITB Media
Udako irteera–itzulera operazio berezia 2019an baino nazioarteko trafiko gehiagorekin, % 6 gehiagorekin, amaitu da. Estimazioen arabera, 1.900.000 ibilgailuk gurutzatu dute Euskadi uda honetan, hasieran aurreikusitakoa baino 50.000 gehiago.
Iazkoarekin alderatuta istripuen tasa % 10 murriztu bada ere, uztailean eta abuztuan Euskadiko errepidetan gertatu diren istripuetan guztira 11 pertsona hil dira (sei Gipuzkoan, lau Bizkaian eta bat Araban), 2021ean baino bost gehiago.
Hiru hildako oinezkoak ziren, lau motor-gidariak eta gainerakoak autoen edo beste ibilgailu batzuen gidariak. Guztira 1.085 istripu gertatu dira: 422 Bizkaian, 413 Gipuzkoan eta 250 Araban.
Oraindik iraileko datuak falta badira ere, Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren lehenengo balantzea egin du, eta nazioarteko trafikoak 2019koarekin alderatuta % 6 gora egin duela nabarmendu du, bi urtez aktibatu gabe egon ondoren Itsasartea Igarotzeko Operazioa aktibatu izanaren ondorioz.
2021eko datuekin alderatuta, iaz Portugala zihoazen ibilgailuek bakarrik gurutzatu baitzuten Euskadiko errepide-sarea, igoera % 15ekoa izan da. Zirkulazioari buruzko datuak parekatzeko moduko egoera bat aurkitzeko, 2019ra egin behar da atzera.
Kontuan izanda iraila, trafikoari dagokionez, ekaina bezalakoa izan ohi dela, kalkulatzen da aurtengo udan, ekainetik irailera, ibilbide luzeko joan-etorriak 3.800.000 izango liratekeela, hau da, Euskadi joaneko 1.900.000 ibilgailuk zeharkatuko zutela eta etorriko beste hainbestek. Zifrek aurreikuspen guztiak gainditu dituzte, eta horietan ez du eraginik izan erregaien prezioaren igoerak.
Nazioarteko trafikoaren igoera hori batez ere Gipuzkoan nabaritu da, bereziki Biriatuko ordainlekuan eta itzuleran, bai eta Burgos/Madrilerako noranzkoan ere; puntu horietan beste urte batzuetan baino ilara luzeagoak sortu dira.
Irteera-operazioa
Irteera-operazioan, Bizkaian, trafiko astuna batez ere asteburuetan Bilbotik Kantabriako kostalderako irteeretan hauteman zen, nahiz eta ez ziren 2019ko ilarak sortu.
Horrela, uztailaren 8an 13 kilometrora arteko ilarak sortu ziren A-8an, Muskiz eta Trapagaran artean, Kantabriarako noranzkoan, errepide horretan gertatutako istripu baten eta matxura batzuen ondorioz.
Gipuzkoan ilara luzeenak uztailaren 5ean sortu ziren mugan, AP-8an, Frantziarako noranzkoan, 8 kilometroko auto-ilarak sortu baitziren Biriatun. Araban, ordea, ez zen ilara handirik sortu irteera-operazioan.
Itzulera-operazioa
Itzulera-operazioan, Gipuzkoan ilarak aurreko urteetakoak baino luzeagoak izan dira, baita 2019koak baino luzeagoak ere, Biriatuko ordainlekuan, Itsasartea Igarotzeko Operazioa aktibatu izanaren ondorioz.
Horrela, abuztuaren 26an 12 kilometroko ilarak sortu ziren puntu horretan, Frantziarako noranzkoan. Aurretik, abuztuaren 10ean, ordainlekua itxi egin zen kamioientzat Frantzia aldean izandako sute baten ondorioz, eta 7 kilometroko ilarak sortu ziren.
Horrez gainera, ilara luzeak sortu ziren hainbat egunetan GI-636 errepidean, Irunen, Frantziarako noranzkoan, bai eta Irungo eta Zarauzko ordainlekuetan ere, bi noranzkoetan.
Bizkaian iaz baino pilaketa txikiagoak izan dira, eta Araban 2021ean baino handiagoak eta 2019koen antzekoak. Arabako lurraldean pilaketarik handienak abuztuaren 25ean sortu ziren A-1 eta N-622 elkartzen diren lekuan, Irunerako noranzkoan, eta 9 kilometrora arteko ilarak sortu ziren.