Kargatzen...
Itxi

Hezkuntza

Jaurlaritzak prest du Euskadiko Hezkuntza Legearen zirriborroa

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lege aurreproiektuak hezkuntza sistemaren doakotasuna bermatu, baita itunpeko ikastetxeetan ere; segregazioarekin bukatu; matrikulazio prozedura bakarra sortu eta euskara bultzatu nahi ditu.

EAEko Hezkuntza legearen aurreproiektua eskuratu ahal izan du EITB Mediak.

Eusko Jaurlaritzak prest du Hezkuntza Lege aurreproiektuaren zirriborroa, EITB Mediak jakin ahal izan duenez. Araua udazkenean onartzea espero da, eta EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek martxoan lortutako akordio historikoaren ondorio da.

Orain, herritarrek ekarpenak egiteko hilabete izango dute, eta ondoren, Eusko Legebiltzarrari igorriko diote testua.

40 urtean bigarren Hezkuntza Legea izango da EAEn, baina unibertsitatetik at hezkuntza esparru guztia arautuko duen aurrenekoa, baita itunpeko zentroak ere.

Zirriborroaren arabera, besteak beste, legeak segregazioarekin bukatzea izango du helburu, baita 3 urtetik gora derrigorrezko hezkuntza guztiaren doakotasuna bermatzea ere. Ondorioz, itunpeko ikastetxeek ezin izango dute kuotarik kobratu, eta Hezkuntza Sailak ikuskaritza lanak egingo ditu hori egiaztatzeko.

Lege aurreproiektuak matrikulazioan ere nobedadeak ekarriko ditu: pertsona orok zentroa aukeratzeko eskubidea izango du, eta harrera prozedura bakarra arautuko da ikastetxe publiko zein itunpekoentzat.

Gainera, Udal Hezkuntza Kontseiluak sortuko dira, beharrizanak identifikatzeko eta udalerri bakoitzaren eskaintza banatzeko. Zentzu horretan, familiek eskaintzaren eta zentro bakoitzeko plazen berri izango dute kontseiluetan, ikastetxez ikastetxe ibili beharrik gabe.

Lege aurreproiektuaren arabera, euskara ardatz izango duen sistema eleanitza izango da Euskadin, bi hizkuntza ofizialen, eta gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez. Xedea ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza euskarako zein gaztelaniako B2 mailarekin amaitzea izango da.

Azkenik, irakasleek euskarako C1 maila edo gehiago eta ingeleseko C1 maila lortzeko trebakuntza egitasmoak bultzatuko dituzte.

Informazio gehiago (1)