IZENBURU NAGUSIAK
Albiste izango dira: Hezkuntza Legea, energia plana eta Karrantzako ur horniketa
EITB MEDIA
Asteazken honetan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
Albistez josita dator irailaren 14a ere, eta, besteak beste, ondorengo gaiek hartuko dituzte gaur hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Hezkuntza Legearen zirriborroa: Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Lege aurreproiektuaren zirriborroa argitaratu du asteazken honetan, Legegunea plataforman, EITB Mediak egiaztatu duenez. Araua udazkenean onartzea espero da, eta EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek martxoan lortutako akordio historikoaren ondorio da.
-Energia plana, Legebiltzarrean aztergai: Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Energiaren Kontingentzia Planaren inguruko azalpenak emango ditu Eusko Legebiltzarrean 09:30etatik aurrera.
- Karrantza ura jasotzen hasiko da, kamioietan: Karrantzak egunero 200.000 litro ur jasoko ditu gaurtik aurrera Kantabriatik iritsitako zenbait kamioitan, Raul Palacio alkateak asteartean Euskadi Irratiari esan dionez. 'Faktoria' saioan izandako elkarrizketa batean, Palaciok zehaztu du bizkaitar herriak Ramales de la Victoriatik jasoko duela ura, eta, nahikorik ez balitz, Ampuerotik. Udara honetako eta azken hilabeteotako lehortearen ondorioz, Karrantza hornitzen duten bi urtegiak, alegia, Cerroja eta La Argañeda, % 34an eta % 13an daude hurrenez hurren.