meteoritoak
DART misioak historia egingo du asteroide baten ibilbidea desbideratzen saiatzean
Agentziak | EITB MEDIA
Misio hori funtsezkoa izango da Lurra asteroideetatik babesteko. Zuzenean jarraitu ahalko da misioa irailaren 26an NASAren bidez.
DART misioak (Asteroide Binario baten Birbideratze Proba), duela hamaika hilabete Lurretik irten zen ontziak, historia egingo du datorren irailaren 26an, 23:14an GMT, Dimorphos asteroidearen aurka talka egiten duenean. Izan ere, talka horrekin asteroidearen desbideratzea eragitea espero da.
Planeten defentsarako misioaren lehen proba hori, espazio ontzi batek, nahita, asteroide baten aurka talka egitean datza, haren orbita eraldatzeko. Modu horretan, etorkizunean behar izanez gero, Lurraren kontra talka egin dezakeen asteroide baten aurrean, gure planeta babesteko balioko du, Nancy Chabot DARTeko koordinazio-arduradunaren arabera.
Tom Statler NASAko Planeten Defentsarako Koordinazio Bulegoko zientzialariaren hitzetan, zeruko gorputz bat desbideratzeko gizateriaren lehen ahalegina izango dena, une historikoa izango da mundu osoarentzat.
Espazio ontziak asteroidea jo arteko prozesu guztia zuzenean jarraitu ahal izango da NASAren bidez. DART misioa datu eta argazkiak bidaltzen arituko da uneoro, baina, horrez gain, Italiako satelite txiki bat ere egongo da, egun batzuk lehenago espazio ontzitik bananduko dena, zeinak talkaren ondorengo uneak aztertuko dituen, Italiako Espazio Agentziako Simone Pirrottaren arabera.