meteoritoak
DART misioari buruz jakin beharreko guztia: zer da eta zergatik da hain garrantzitsua?
agentziak | eitb media
DART espazio zundak asteroide baten aurka talka egingo du irailaren 27ko 01:04ean, Lurrerantz gerturatuko balitz desbideratzeko gai izango ginatekeen frogatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Asteroide bat Lurrerantz gerturatuko balitz, desbideratzeko gai izango al ginateke? Hori frogatzen saiatuko da astearte honetan DART espazio zunda, horietako baten aurka talka eginez.
Josep Maria Trigo-Rodriguez astrofisikariak EFE agentziari azaldu dionez, "misio historikoa" da, "asteroideak desbideratzen irakasteko asmoa duena". Hala, "metodo erraz samarra" garatu nahi dute, eta "epe laburrean arriskua suposatu dezaketela uste dugun asteroideetara" ere aplikatu liteke.
Era berean, misioak eragin ditzakeen zalantza nagusiak erantzuteaz arduratu da:
Zer da DART eta zer gertatuko da irailaren 27ko Euskal Herriko 01:14ean?
Asteroide bitar bat birbideratzeko proba misioa (DART) benetako asteroide baten eskalako misioa da, NASAk eta Johns Hopkins Laborategiaren eskutik datorkiguna.
Bide urratzaile izan nahi du misioak, karga leherkorrik gabeko eragile zinetikoaren metodoa probatuz. Alegia, kamikaze erako zunda bat erabiltzea asteroide baten aurka jaurtitzeko eta haren orbita apur bat aldatzen saiatzeko.
Segundoko 6,6 kilometroko abiaduran jaurtiko dute DART Dimorphos asteroidearen aurka. Didymos izeneko beste baten parean orbitatzen du horrek, eta sistema bitarra eratzen dute horrela.
Didymos eta bere ilargi-satelite txikia, Dimorphos. Argazkia: EFE
Zergatik hautatu da asteroide sistema hori?
Bi asteroidek osatzen dute Didymos sistema, eta horrek interes zientifikoa eransten dio, arriskutsua izan baitaiteke; hala adierazten da horren katalogazioan. Didymosek 780 metro inguruko diametroa dauka, eta horren inguruan biraka aritzen da misioaren jomuga, Dimorphos, 160 metro ingurukoa. Litekeena da, egunen batean, horren tamainako asteroide bati aurre egin behar izatea.
Ezinezkoa da 10, 100 edo 200 urtetan gerta daitekeena aurreikustea, baina historiako uneren batean, zenbait dozenaka metroko diametroko asteroide batekin topatuko gara, talka zuzenerako bidean.
Asteroide sistema bitar hori mehatxua al da unean Lurrarentzat, edo DARTek eragindako talkak mehatxu bihurtu dezake?
Ez, inondik ere. Sistemaren klasifikazioan potentzialki arriskutsu gisa izendatu duten arren, ez da unean mehatxua suposatu dezakeenik.
Inpaktuari dagokionez, Dimorphos hainbat piezatan zatituko balitz, Didymosen inguruan biraka jarraituko luke, ez litzateke material handirik botako asteroide nagusiaren orbitatik kanpo.
Gainera, hori guztiori Lurretik hamaika milioi kilometrora gertatuko da. Esperimentu hau ezin da gizateriarentzat kaltegarria izan, alderantziz.
Nolakoa da DART?
Prestazio handiko zunda da, 550 kilo inguruko pisua duena. Sistema erabat automatizatua da, eta aireratu zenetik aurrez erabakita zegoen, zerua kamerekin kartografiatzearen asmoz, asteroidera heltzeko bide zuzena bilatu eta autozuzenketak egin ahal izatea.
Zer gertatuko da talkarekin?
Dimorphosen gainazalaren kontra talka egitean, DARTek krater bat induskatuko du, eta krater horrek harriak eta hautsa botako ditu jaurtigaiaren aurkako norabidean. Behar denaren arabera, zenbat eta energia zinetiko handiagoa, orduan eta inpaktu handiagoa izango da; orduan eta material gehiago zatituko ditu, une zinetikoa gehiago transferituko da, eta eraginkorragoa izango da asteroidearen desbideratzea.
Inpaktua eta horren eremua LiciaCube nanosatelite italiarrari esker ikusi ahal izango dira. Duela egun batzuk, DARTetik bereizi zen prozesu osoa behatzeko, talkaren eta eiektatutako materialen hodeiaren irudiak hartzeko.
Dimorphosek 11 ordu eta 55 minutuko orbita du Didymosen inguruan; helburua da orbita-aldi hori pixka bat laburtzea eta aldea kuantifikatu ahal izatea.
Beste misiorik egongo al da DARTen ostean?
Datorren urtean, Hera misioa abiatuko da Europako Espazio Agentziatik (ESA), Dimorphosen inpaktuaren kraterra eta eragindako kaltea sakon aztertzeko.
Hori garrantzitsua da 160 metroko objektu batentzat jaurtigai txikiago edo handiago bat zenbateraino behar den jakiteko. Gainera, asteroide sistemaren konposizioari, egiturari eta izaerari buruzko datuak emango ditu.
Hau da planeten defentsarako lehen proba, zergatik da garrantzitsua Lurra mehatxatzen duten asteroideen aurrean prest egotea?
DART planetaren defentsan zeregin aktiboagoa izateko martxan jar genezakeen metodo bat da.
Ilargira itzultzeaz ari gara azkenaldian, gure satelitea -Lunar Gateway deiturikoa- orbitatuko duen espazio-estazio iraunkor bat ezartzeaz, baina 20 eta 30 metro bitarteko asteroide txikiak Lurraren eta Ilargiaren artean hilabete gutxiren buruan igarotzen direla ohartzen ari gara; noizbait azken unean ikusi, eta guregana datorren asteroide bat ere egon liteke.