Trafikoa
AP-68ko erabiltzaile bizkaitarrek gutxiago ordainduko dute gaurtik aurrera
Agentziak | EITB Media
Bizkaian bizi diren eta sisteman erregistratuta dauden pertsonei dirua itzuliko die Bizkaiko zatian hilabetean 34,55 euro baino gehiago gastatzen dutenean, eta 50,54 euro baino gehiago, Arabakoan.
Larunbat honetatik aurrera dirulaguntza programa berri bat jarriko da abian Bizkaiko eta Arabako bidesarietan, AP-68 autobidea erabili ohi duten eta Interbiak sisteman erregistratuta dauden pertsonentzat.
Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntzak prestatu ditu AP-68 autobiderako, Bizkaiko zatian hilabetean 34,55 euro baino gehiago gastatzen dituzten ohiko erabiltzaileentzat, eta Arabakoan, 50,54 euro baino gehiago gastatzen dituztenentzat.
Foru Aldundiak jakitera eman duenez, AP-8 autobidean, Bizkaiko zatian, hilabetean gastatutakoa 34,55 euro baino gehiago bada, hilaren amaieran hortik gora gastatutako guztia itzuliko zaio erabiltzaileari.
Bestalde, eta modu osagarrian, erabiltzaileak 50,54 euro baino gehiago gastatzen badu Arabako zatian, betiere joan etorri horiek Bizkaian hasi edo bukatu badira, hortik gorakoa itzuliko da.
Dirulaguntza horiek ez dute zerikusirik AP-8 autobidearen, Hegoaldeko Saihesbidearen eta Artxandako Tunelean dagoen gastu mugarekin, ezta Gipuzkoako AP-8 eta AP-1 errepideetatik eta Arabako AP-1 autobidetik igarotzen diren eta jatorria edo helmuga Bizkaian duten bidaienekin ere.