Itxi

TEKNOLOGIA

Sakelako telefono eta gailu elektronikoentzako kargagailu bakarra izateko EBren helburua, gertuago

O. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Europar Batasunak C motako USB kargagailua ezarriko du 2024. urtearen amaierarako. Kargagailu unibertsal horrek gailu elektroniko askotarako balioko du: eskuko telefonoak, kamera digitalak, entzungailu eramangarriak eta bideojoko eramangarriak.

Sakelako telefono baten kargagailua. Egile eskubiderik gabeko irudia

Sakelako telefonoek eta gailu elektroniko eramangarri txiki eta ertainek kargagailu bakarra eta unibertsala izateko bidean azken pausoa eman du gaur Europako Parlamentuak. Gauzak horrela, 2024. urtearen amaierarako Europar Batasunean saltzen diren smartphone, tablet, kamera digital, entzungailu eramangarri eta bideojoko eramangarriek C motako USB ataka izan beharko dute.

Gaur bertan bozkatu dute kargagailu bakarraren derrigortasuna ezarriko duen legea Europako Parlamentuan. Bozketan, ia aho batez onartu dute: 602 alde, 13 kontra eta 8 abstentzio.

Helburua da Europar Batasunean sortzen diren hondakin elektronikoen kopurua murriztea eta kontsumitzaileen bizitza "erraztea". Europako Batzordeak emandako datuen arabera, 2020an 420 milioi eskuko telefono eta tresna elektroniko saldu ziren Europar Batasunean, eta, batez beste, kontsumitzaileek hiru kargagailu dituzte.

Legea indarrean sartzen denetik, posible izango da kargagailuak eta tresna elektronikoak, bakoitza bere aldetik, erostea. Europako Batzordearen kalkuluen arabera, kontsumitzaileek urtean 250 milioi euro aurreztuko dituzte horrela.

Halaber, urtero sortzen den zabor teknologikoa nabarmen murriztuko da. 2020an, esaterako, 11.000 tona zabor izan ziren.

Europako erakundeek 24 hilabeteko trantsizioa aurreikusi dute sektoreari egokitzeko denbora nahikoa emateko. Hortaz, araudi berria 2024. urtearen amaieran sartuko da indarrean.

Bestalde, 2028. urtearen erdialderako, ordenagailu eramangarriek ere C motako USB kargagailua izan beharko dute.