Itxi

Indarkeria matxista

"Bai bakarrik da bai" legea, indarrean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Manada auziko epai polemikoa eman zenetik lau urtera heldu da lege berria. Horren arabera, sexu harremanak izateko, onespena ezinbestekoa izango da, eta, hori gabe, ekintza oro sexu eraso edo bortxaketa izango da.

Hemendik aurrera, onespenik gabeko harreman sexual oro erasoa edo bortxaketa izango da. EFE

"Bai bakarrik da bai" deritzon legea indarrean dago. Arau berriak sexu abusuaren figura desagerrarazi du, eta onespena jarri du erdigunean. Manada auziko epai polemiko hartatik (2026ko sanferminetan emakume bati egindako talde bortxaketa abusutzat jo zuen) lau urtera iritsi da legea, sententzia hark utzi zituen ilunak argituta utzita.

Arauak, ofizialki sexu askatasuna modu integralean bermatzeko legeak, Zigor Kodea erreformatu du, eta beste pertsona baten sexu askatasuna urratzen duen ekintza oro sexu erasotzat joko du. Urtebete eta lau urteko kartzela zigorrak daude aurreikusita, eta zortzi urtekoak ere astungarriren bat badago, hala nola taldean egindako erasoa, aparteko indarkeria edota biktimaren zaurgarritasun berezia.

Berariazko onespena gako izango da mota horretako delituak epaitzeko, eta hala definitzen du legeak: "Askatasunez, espresuki, pertsona horren borondatea argi eta garbi, ekintzekin, adierazten denean bakarrik ulertuko da onespena dagoela".

Hori horrela, biktimek ez dute frogatu beharko indarkeria pairatu dutenik edota erasoari kontra egin diotenik. Gaurtik aurrera, abusu sexualak ez dira Zigor Kodearen parte.

Bortxaketek 4-15 urteko zigorrak jasoko dituzte

Onespenik gabe egindako sarketak bortxaketa izango dira aurrerantzean, eta 4-15 urteko zigorrak aurreikusten dira.

Astungarriak izango dira sumisio kimikoa (biktimaren borondatea bertan behera uztea botiken edo drogen bidez) eta erasotzaile eta biktimaren artean bikote harremana egotea edo egon izana.

Kaleko jazarpena ere zigortuko du arauak. Biktima umiliatuta edo beldurtuta uzten duten sexu kutsua duten jokabide edo proposamenak joko dira jazarpentzat. Eremu digitalean gertatzen diren sexu erasoei ere erreparatuko die legeak. Hartara, zigortu egingo dute baimenik gabe grabatutako besteen irudiak zabaltzea edo sare sozialetako profil faltsu bat baliatuta emakume bati sexu jazarpena egitea.

Halaber, sexu indarkeria izango dira mutilazioak, behartutako ezkontzak, sexu konnotazioarekin egindako jazarpena, eta sexu esplotazioari lotutako emakumeen salerosketa.

Bada gehiago: aurretiazko salaketa gabe asistentzia integrala eta espezializatua jasotzeko eskubidea izango dute biktima guztiek.

Baliabide gehiago ere jarriko ditu legeak. Horretarako, etengabeko arreta eskainiko duten krisi zentroak zabalduko dituzte, lurralde bakoitzean bat gutxienez, eta indarkeria matxista jasan duten adingabeentzako "Umeen Etxeak" direlako zentroak irekiko dituzte.