Itxi

NAFARROAKO IKASTOLEN JAIA

Milaka euskaltzalek euskara erein dute Tafallan egin den Nafarroa Oinezen

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jendetza batu da Tafallan, Nafarroako ikastolen aldeko jaian eta, eguraldia lagun, bisitariek era guztietako ekintzez gozatu ahal izan dute Garces de los Fayos Ikastolak atondutako lau guneetan. Egunaren amaieran, "oso pozik" agertu dira antolatzaileak.

Tafalla, gaur. Argazkia: @Nafarroa_Oinez

Festa beteko eguna izan da gaur Tafallan, milaka lagun bildu baititu Nafarroa Oinezek Erdian Erein lelopean. Euskaltzaleek ez dute hutsik egin, eta goraino bete dituzte bi kilometroko ibilbidea eta antolakuntzak atondutako lau guneak: Sustrai, Hazi, Zuhaitz eta Kimu.

Garces de los Fayos Ikastolako zuzendari Paula Arreguik egunaren amaieran adierazi duenez, Tafallan (Nafarroa), "asteburu osoan euskara arnastu da", eta "aurreikuspenak gainditu dira".

Ikastetxeko zuzendariak azaldu duenez, "jende asko hurbildu da Tafallara", horren erakusgarri "izotza amaitu" izana da.

"Giroa oso ona izan da, eta oso pozik gaude Nafarroa Oinez nola garatu den ikusita", azaldu du zuzendariak, eta eskerrak eman dizkie ikastolen festan parte hartu, eta gozatu nahi izan duten guztiei.

Arreguik erronka lehiaketa nabarmendu du, "erabateko arrakasta" izan da; Nafarroako ikastoletako ikasleek parte hartu dute lehiaketa horretan, eta, azkenean, San Fermin ikastolako taldeak irabazi du.

Balorazio xeheagoa datozen egunotan egingo duten arren, antolatzaileek azpimarratu dute oso arrakastatsua izan dela jaia, jendetza gerturatu delako eta erabateko normaltasunez eta jai-giro betean igaro delako eguna.

Egunaren amaieran, Garces de los Fayos ikastolak Nafarroako Ikastolen Federazioaren esku utzi du Nafarroa Oinezen lekukoa, eta horrek Gotzon Perez eta Iñigo Orellari eman die, Etxarri-Aranazko Andra Mari Ikastolaren arduradunei, hain zuzen ere, 2023ko Nafarroa Oinez bertan ospatuko baita.

Gerokoek jaso dezaten erein

Irekiera ekitaldian izan dira Paula Arregi eta Aritz Azcarate ikastolako zuzendaria eta presidentea, eta horiekin batera Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakaria, Jesus Arrizubieta Tafallako alkatea eta Unai Hualde Nafarroako Gobernuko presidenteordea, besteak beste.

Adriana Salvo ikastolako ikasle ohi eta aktoreak, Eva Mediaville zeinu hizkuntzako interpretearekin batera, aurkeztu dute hunkigarria izan den ekitaldia.

Aritz Azcaratek esan du jaia antolatzeko lana "gogorra" izan dela azken urtean, baina "dibertigarria" ere izan dela, eta horrek "ilusioa berritzea" eragin duela. Gogorarazi duenez, "nekazarien lurra da, eta badakigu uzta jaso eta gero berriro erein beharra dagoela. Horrela jarraituko dugu, erdian ereiten, gaurko leloari erreferentzia eginez, Erdian Erein, gure seme-alabek ametsak euskaraz bete ditzaten". Ildo horretan, ikastolen izaeraren ezaugarri diren "kooperatibismoa, autogestioa, partehartzea, elkartasuna eta auzolana" azpimarratu ditu, eta "gure hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren alde borroka" egiten jarraitzen duten euskaltzaleen lana goraipatu du.

Jose Maria Aierdi Lurralde Antolaketa, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen kontseilari eta presidenteorde bigarrenak zoriondu egin ditu ikastolak Nafarroa Oinez jaia "bizirik" edukitzeagatik eta euskaltzale guztiek maite duten hitzordu bihurtzeagatik.

Garces de los Fayos ikastola

Laugarrenez ospatu da Nafarroa Oinez Tafallan. Lehena, 1986an egin zen, eta ondoren, 1997an eta 2011n.

Gaur egun, 223 familiak, 35 langilek eta 318 ikaslek osatzen dute Garces de los Fayos ikastola eta Tafallako ikasleak ez ezik, inguruko herrietakoak ere hartzen ditu.

Albisteak (1)

Bideoak (3)