Bahiketa
Emakume batek haurtxo bat bahitu du Basurtuko Ospitalean, eta Ertzaintzak laguntza eskatu du aurkitzeko
EITB MeDIA
Bahiketaren egilea 35-40 urteko emakumea da, 1,60 metro altu eta gorpuzkera lodikoa da, ile luze kizkurra du motots batean du bildua. Jaioberria bart eraman du ospitaletik, osasun langilea zela esanez umeari proba batzuk egitera zihoala aitzakiatzat hartuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Emakume batek haurtxo bat bahitu du bart Basurtuko Ospitalean (Bilbo), eta Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa haien bila ari dira. Hori dela eta, herritarrei laguntza eskatu diete.
Egindako lehen ikerketen arabera, egilea 21:00ak aldera sartu zen ospitalera eta, osasun langileen plantan jantzita, ginekologiako solairuko haurtxo bat bahitu, eta handik ihes egin zuen.
Bahitzailea gutxi gorabehera 1,60 metroko altuera duen emakumea da, gorpuzkera gizena eta koleta edo motots batean jasotako ile kizkur luzea duena. Bahiketaren unean, mediku uniforme zuri bat zeraman jantzita, baina, ondoren, mahuka motzeko kamiseta zuri batekin, marrazki geometriko estanpatudun praka estuekin, kirol-zapatilekin eta ilargi erdiko poltsa beltz txiki batekin ikusi dute. Haurra besoetan zeraman, eta baita rafia motako poltsa angeluzuzen bat ere.
Horri buruzko informaziorik eman dezakeen pertsona orok, mesedez, jarri harremanetan Emergentzietako Sos-Deiak 112 telefonoarekin edo bidali mezu elektroniko bat honako helbide honetara: colabora_app@ertzaintza.eus.
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak agerraldia egingo du goizean (09:00etan) datu gehiago emateko.
Emakumea, atzetik ikusita, haurtxoa besotan duela. Ertzaintzak zabaldutako argazkia.
Beste ohar batean Osasun Sailak azaldu duenez, 22:00etan haurtxo bat falta zela sumatu zuten. Familiaren arabera, osasun langile gisa jantzita zihoan pertsona batek umetxoa eraman zuen proba batzuk egin behar zizkiola esanez. Berehala Ertzaintzari eman zitzaion abisua, eta, aipatu bezala, ikerketa eta bilaketa lanak abiatuta daude.
Gogora ekarri behar da horrelako egoerak saihesteko, 2014an, Osakidetzak protokolo berezia ezarri zuela. Horren arabera, jaioberriei egin beharreko proba guztiak geletan bertan egiten dizkiete, eta posible ez bada, gurasoei eskatzen diete eurekin joateko.
Bi antzeko kasu, duela hamarkada bat
Aurretik ere, izan da haurtxoen bahiketa edo bahiketa saiaketarik Osakidetzaren ospitale sarean. Duela 10 eta 8 urte jazo ziren, biak ala biak Donostia Ospitalean. 2012koa goizaldean gertatu zen, arazo psikiatrikoak zituen emakume batek umetxo bat ebatsi zuen gurasoak lo zeudela baliatuta. Haurtxoa onik aurkitu zuten handik ordu gutxira. Andreak taxi bat hartu zuen, eta taxi gidariak eman zuen abisua.
2014an, saiakeran geratu zen gertakaria. 36 urteko emakumezko bat, osasun langile gisa jantzia, haurtxo bat eramaten saiatu zen, baina handik gertu zegoen erizain laguntzaile bat amarruaz konturatu zen, eta bahitzailea atxiki zuen Ertzaintza heldu arte.