EITB DATA
Bizikletaren erabilerak gora egin du Euskadin
I. R. | EITB MEDIA
Araba, eta batez ere Gasteiz, bere lurraldean erabilgarri dauden bizikleta-bideen dentsitate handiagatik nabarmentzen da.
Azken hamarkadan, Euskadin, bizikleta erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonen kopurua handituz joan da urtetik urtera, EITB Dataren arabera. Horrela, 2008an ibilgailu horren erabiltzaileen portzentajea % 1,1 zen bitartean, 2020an bikoiztu egin zen % 2,5eraino. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean, Arabako herritarren % 8raino iristen da bizikleta erabiltzaile kopurua, Gipuzkoaren (% 3) eta Bizkaiaren (% 0,8) oso aurretik.
Bizikletaren erabilera azpiegitura egokia (bidegorriak, bizikletentzako bideak…) egotearen mende dago hein handi batean, hiri-mugikortasun iraunkorraren aldeko apustu garbia eginez. Ildo horretan, Gasteiz nabarmentzen da EAEko hiru hiriburuen artean, eta, gainera, Estatuan bizikleta-bideen dentsitate handiena duen hirietako bat da, 73 kilometro baititu 100.000 biztanleko, Bartzelonaren (90) eta Zaragozaren (75) atzetik; Donostiak mota horretako 47 kilometro ditu, eta Bilbok, berriz, 28 kilometro.
Hala ere, EAEko hiru hiriburuak bizikletan ibiltzeko hiririk onenen artean daude, segurtasuna, bide-kopurua eta mota horretako ibilgailuen alokairu-eskaintzarako sarbidea kontuan hartuta, besteak beste.
Bizikletaren erabilera horrek ere gora egin du ibilgailu mota horien erosketan, batez ere, bizikleta elektrikoenean, eta azken urtean saldutako guztien % 14ko kuotaraino iritsi da.