BALMASEDAKO SUTEA
Etxera itzuli dira Burgosko Mena Haranean suteagatik irtenarazitako bizilagunak
EITB Media
Sutea Burgosko probintziara iritsi zenetik 24 ordu igaro ez direnean arindu da, igande goizean Balmasedan hasi ostean, eta foku gehienak kontrolatutzat ematen dituzte orain.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Antuñanoko eta Bortedoko (Mena Haraneko bi alkate auzo) 40 bizilagun inguru etxetik atera zituzten atzo, inguruan piztutako baso suteak eragin lezakeen arriskuagatik, eta dagoeneko etxera itzuli ahal izan dira, Gaztela eta Leongo Gobernuak arriskuz kanpo zeudela jo duenean.
Mena Haraneko baso sutea Burgosko probintziara iritsi zenetik 24 ordu igaro ez direnean arindu da, igande goizean Balmasedan hasi ostean, eta foku gehienak kontrolatutzat ematen dituzte orain.
Edonola ere, Larrialdietarako Unitate Militarreko kideak bertan dira oraindik, Gaztela eta Leongo Gobernuak bidalitako langileei laguntzen, aireko baliabideekin batera.
Eusko Jaurlaritzako iturriek baieztatu dutenez, aireko baliabide horiek funtsezkoak izaten ari dira, sugarrek orografia zaileko zonalde bati eragiten baitiote eta, gainera, haizeteek ezusteko txarra eman dezakete oraindik, baina foku gehienak kontrolpean daudela uste dute.
Azken orduetan, 0tik 3rako eskalan, 2ko arrisku maila ezarri dio Gaztela eta Leongo Gobernuak.
Balmasedako sua, kontrolpean
Balmasedako sutea kontrolatzea lortu dute bart gunean lanean dabiltzan 100 bat suhiltzailek. Baso suteak Zalla eta Gordexola udalerriei ere eragiten die. Lehen balantzearen arabera, 500 hektareatik gora erre ditu suak.
Segurtasun sailburuak Balmasedatik bertatik jakinarazi duenez, "egoera egonkortuta dago, eta ez da gehiago hedatuko". Dena dela, perimetroaren barruan ez da baztertzen "han eta hemen zerbait piztea".
Sutea zerk eragin duen argitzeko ikerketa abian dago, eta oraindik "goiz" da hipotesiak egiteko, Erkorekaren hitzetan.