Baso-sute arriskua
Murrizketak ezarriko dituzte berriz EAEn sute arrisku larriagatik
EITB Media
Gauerditik, arriskutsuak izan daitezkeen hainbat jarduera debekatuta izango dira, hala nola barbakoak piztea.
Eusko Jaurlaritzak murrizketak eta debekuak ezarriko ditu gaur gauerditik baso-suteak saihesteko. Izan ere, Segurtasun Sailak ohartarazi du sute arriskua oso handia izango dela, tenperatura altuen, landareen lehortasunaren eta haize bolada indartsuen ondorioz.
Hain zuzen ere, neurriak kostaldean (Bizkaia eta Gipuzkoa) eta kantabriar isurialdeko barnealdean (Aiarako kuadrilla, Araban) izango dira indarrean, Gasteizko Gobernuak horiek indargabetzea erabaki arte.
Horrenbestez, uztaileko bero-boladen aurrean egin bezala, arriskutsuak izan daitezkeen jarduerak debekatuta izango dira, hala nola barbakoak piztea.
Igandean, sute bat piztu zen Bizkaian, eta 500dik gora hektarea erre zituen Balmasedan, Gordexolan eta Zallan, astearte iluntzean itzali zuten arte. Gainera, sugarrak Burgosera ere hedatu ziren.
Debekatuta egongo diren jarduerak:
- Sua edonola erabiltzea edo sua piztea ekar dezakeen edozein ekintza, hala nola nekazaritza- edo baso-inguruetan makinak erabiltzea.
- Su artifizialak, petardoak eta barbakoak, hirigunetan barne, betiere zuhaitzak, zuhaixkak edo baratzeak dauden inguruetatik 300 metrora.
- Uztondoak erretzea.
- Sua sor dezakeen edozein objektu jaurtitzea edo abandonatzea.
- Jaurlaritzaren esanetan, murrizketok urratzea "larria" edo "oso larria" izan daiteke, eta, horregatik, 1.501 eta 30.001 euro arteko isunak aurreikusi dituzte.