SUTE ARRISKUA
Suteak izateko arrisku handiagatik ezarritako murrizketak igandera arte luzatzea aurreikusi du Jaurlaritzak
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Hala adierazi du Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak, eta zehaztu du neurriak indarrean egongo direla haizeagatik ezarritako alerta laranja indarrean dagoen bitartean. Astelehenerako egoerak hobera egingo duela uste du, eta debekuak bertan behera uzteko moduan izango direla.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Baso suteak saihesteko murrizketak eta debekuak ezarri dira Euskadin kalteak saiheste aldera, eta Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak adierazi duenez, igandera arte iraungo dute neurriok, alegia, alerta laranja indarrean dagoen bitartean. "Lurra lehor dago, tenperatura handiak izango ditugu, 30 gradura iritsiko gara, eta haizeteak aurreikusten dira", azpimarratu du.
Segurtasuneko sailburuordeak eta Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak, Euskalmeteko lantaldearekin batera, datozen orduetan Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat txokotan baso suteak izateko arriskua dela-eta, Jaurlaritzak ezarritako neurriei buruzko xehetasunak eman dituzte agerraldi batean. Arriskutsuak izan daitezkeen hainbat jarduera debekatu dituzte, hala nola barbakoak piztea, uztondoak erretzea eta makinariarekin aritzea landa eremuan, edo material piroteknikoaren erabilera.
Gartziak nabarmendu duenez, Ertzaintzak beharrezko jarraibideak jaso ditu. Ildo horretan, gogorarazi du "ezartzen diren zigorrak larriak edo oso larriak" direla, eta 1.500 eta 30.000 euro artekoak izan daitezkeela isunak.
Neurriok kostaldean (Bizkaia eta Gipuzkoa) eta kantabriar isurialdeko barnealdean (Aiarako kuadrilla, Araban) izango dira indarrean, gutxienez igandera arte. "Astelehenerako, murrizketak kendu ahal izango ditugula uste dugu", adierazi du sailburuordeak. Testuinguru horretan, kontuz ibiltzeko eta erantzukizunez jokatzeko dei egin die herritarrei, bereziki, asteburuari begira, orduan ibiltzen baita jendea gehien mendialdean.
Ostegunetik aurrera, tenperatura itogarriak itzuliko dira
Euskalmeten eguraldi iragarpenaren arabera, ostiralean, osteguneko joera errepikatuko da, eta tenperatura maximoak 25 eta 30 ºC artekoak izango dira.
Hegoaldeko haizea ibiliko da, eta tarteka, gogor joko du. Larunbatetik aurrera, tenperaturak gradu batzuk jaitsiko dira, baina hegoaldeko haizea dela eta, maximoak leunak izatea espero da.