Kargatzen...
Itxi

Suteak

Larunbat gauerdian amaituko da baso sute arriskuaren alerta

eitb media

Leer en Castellano

Dena den, igandean, abisu horiak indarrean jarraituko du hegoaldeko haizearen indarragatik, tenperatura altuengatik eta landarediaren egoeragatik.

Sutea. Argazkia: EITB

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak larunbat gauerdian utziko du bertan behera baso sute arriskuagatik ezarritako alerta laranja. Dena den, abisu horiak igandean jarraituko du hegoaldeko haizearen indarragatik, tenperatura altuengatik eta landarediaren egoeragatik.

Larunbatean, oraindik alerta laranja ezarrita egongo da, beraz, murrizketekin jarraituko dugu Kantauri isurialdean. Mediterraneo isurialdean, berriz, abisu horira mugatuko da baso sute arriskua.

Suak triskantza handiak egin ditu azken egunotan Bizkaian, Balmasedan, Berangon eta Zugaztietan, besteak beste. Hain zuzen ere, igandean, hilak 23, Balmasedan piztu zen sute bat, eta lurraldeko 441 hektarea kaltetu ditu: Arbalizako 426 hektarea kiskali ziren, eta Zallako Herrerako beste 15. 1989tik hona, Bizkaian izan den suterik handiena izan da. Aldundiak ezohikotzat jo du sute hori, kontuan izanik portaera oso bortitza eta larria izan duela.  Astearte arratsaldean itzali zuten.

Hiru egunen buruan, ostiralean, beste hiru baso sute izan dira Bizkaian: Zugaztietan (Trapagaran), Berangon eta Larrondon (Loiu) piztu dira. Berangokoa izan da larriena; bertan, Unbe mendian, mendiko 30-40 hektarea erre dira. Zugaztietan, aldiz, 25-30 hektarea kiskali ditu suak; Larrondon, 1.000 bat metro koadro erre dira.

Azken egunetan, tenperaturak 30 graduren bueltan ibili dira, hego haizea zakar dabil eta lurraldea oso lehor dago; bada, testuinguru horretan piztu dira hiru suteak.

Bestalde, larunbatean, abisu horia egongo da itsasoan enbatagatik, 17:00etatik 20:00etara.

Albisteak (3)