Suteak Bizkaian
Suhiltzaileek alertan jarraitzen dute Berangon, haize aurreikuspenen ondorioz
EITB MEDIA
Ostiralean Zugaztietan (Trapagaran), Berangon eta Larrondon (Loiu) piztu diren suak dagoeneko itzalita daude. Hala ere, lehorreko taldeek eremuetako ingurua freskatzen eta zaintza lanak egiten jarraitzen dute, berpiztea saihesteko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ostiralean Bizkaian piztutako hiru baso suteak 16:00ak aldera geratu dira itzalita, 55-70 hektarea kiskali ostean. Zugaztietan (Trapagaran), Berangon eta Larrondon (Loiu) piztu dira, eta lehorreko taldeek eremuetako ingurua freskatzen eta zaintza lanak egiten jarraitzen dute, berpiztea saihesteko.
Dena dela, Berangon kezkatuta daude oraindik suhiltzaileak, hurrengo orduetarako aurreikusten diren haize bortitzak direla eta.
Azken egunetan, tenperaturak 30 graduren bueltan ibili dira, hego haizea zakar dabil eta lurraldea oso lehor dago; bada, testuinguru horretan piztu dira hiru suteak. Itzaltze lanetan, hegazkin anfibioak ibili dira, eta lehorrean ehun langile baino gehiago. Egoera hauetarako prest zeuden behargin guztiak mobilizatu egin dituzte.
Arratsaldeko lehen orduan amaitu egin da Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioko aire baliabideen lana. Sute handienean izan dira, alegia, Berangokoan; 16:00ak aldera eman dute itzalitzat hori.
Lehen sutea 3:40 aldera hasi da, Arbaltzagan, Zugaztietan, Trapagaran udalerrian. Garrak Kurutzagarantz joan dira, eta Galdameserako bidean hedatu dira; azkenean, baina, ez da hiriguneetara gerturatu.
25-30 hektarea kiskali ditu suak, eta 13.30 aldera itzali dute. Bizkaiko parkeetako suhiltzaileak ibili dira lanean (Urioste, Iurreta eta Basauri), bai eta Mendi Zerbitzuko eta Basalango teknikariak ere.
Hiru orduren buruan, 6:50 aldera, Berangoko sutea hasi da, Unbe mendiko magalean; toki horretan, 2015ean, beste sute batek triskantza egin zuen, Sopelaraino.
Oraingoan, sutea ez da hiriguneetara hurbildu; hala ere, arriskurik saihesteko, zortzi etxebizitzetako bizilagunak atera dituzte etxetik. Hain zuzen, etxe familiabakar batzuk eta Sustatxa Bideko hainbat baserri hustu dituzte. Sopelako etxe batzuk ere hustu egin dituzte.
Unbeko errepidea itxita izan da, arratsaldera arte. Berangon, mendiko 30-40 hektarea erre dira, Carlos Uriagereka Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendi Zerbitzuko buruak kalkulatu duenez.
Bizkaiko Suhiltzaileak, Bilboko Udalekoak eta Arabakoak izan dira itzaltze lanetan; baso taldeak, udaltzainak eta Ertzaintza ere ibili dira. Ricardo Ituarte Larrialdietako zuzendariak koordinatu ditu lanak, bertan ezarritako Aginte Postuan.
Gainera, Espainiako Gobernuak, euskal erakundeek hala eskatuta, bi hegazkin anfibio bidali ditu. Goizean iritsi dira biak, eta hainbat bidaia egin dituzte Getxora, Galeara, ura hartzeko, gero suaren gainean botatze aldera.
Aire deskarga horiek oso eraginkorrak izan dira, eta lehorrean, gainera, makina astunak baliatu dituzte, sua ainguratzeko eta horrek aurrera egin ez zezan.
9:00ak aldera, hirugarren sutea piztu da, Larrondon, Loiun. Bertan, 1.000 bat metro koadro erre dira, eta Txorierriko igarobideko zirkulazioari eragin dio.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 1. egoeran jarri du Euskadiko Baso Suteen Plana. Aurreikusita dago haizea zakar ibiltzea ostiral arratsaldean eta larunbatean; Bizkaian, sutea egoteko arriskuagatik, alerta laranjan dago.
Duela egun batzuk, igandean, baso sute handia piztu zen Balmasedan. Astearte arratsaldean itzali zuten, eta 441 hektarea kiskali zituen. Bizkaian azken 33 urteetan izandako handiena izan da.